INFORMAZIO PRAKTIKOA. Autobus zerbitzuak eta trafiko oharrak
Larunbatean eta igandean zerbitzu berezia izango da. Zaldibia eta Zegama arteko linean autobus gehiago jarriko dituzte.
Lineako autobusak Zegama farmazia parean hartuko du buelta. Iñaki Gurrutxaga Larunbatean eta igandean autobus zerbitzu berezia antolatu dute Zegamara edo maratoia ikustera mendira joan nahi dutenentzat. Batetik, Zegamara joateko, larunbatean, 09:00etatik 20:00etara, bi autobus ibiliko dira Zegama-Segura-Zegama artean. Kotxea aparka arazi dieten lekuan jasoko dute jendea. Igandean ere, 06:00etatik 19:00etara, bost autobus ibiliko dira ibilbide horretan.
Mendira joan nahi dutenek ere izango dute autobusez hurbiltzeko aukera, 06:00etatik aurrera etengabe ibiliko baitira autobusak, Zegamatik Apeaderora joateko (handik Sancti Spiritura oinez) eta Suazerretako aparkalekuetatik (Otsaurtera).
Bestalde, Lurraldebusen ohiko Zaldibia, Ordizia, Beasain, Olaberria, Idiazabal, Segura eta Zegamaren arteko ohiko autobus zerbitzuaren (G001 linea) linea ere indartuko dute. Larunbateko autobus bereziak, Zaldibiatik Zegamara 10:00etan, 11:00etan, 15:00etan, 16:00etan eta 17:00etan, ondorengo geldialdiekin: Ordiziako Gudarien Etorbidean eta Garagartzan, Beasaingo Esteban Lasa, Oriamendi 32 (10:18, 11:18, 15:18, 16:18 eta 17:18) eta Antzizar Kiroldegian, Olaberrian Ihurren, Idiazabalen (10:30, 11:30, 15:30, 16:30 eta 17:30), Seguran eta Zegaman. Itzulerako zerbitzu bereziak 20:00etan, 21:00etan eta 22:00etan aterako dira Zegamatik.
Igandean zerbitzu bereziak honako orduetan abiatuko dira Zaldibiatik: 06:30ean, 07:00etan eta 08:00etan. Itzultzeko autobusak: 15:55ean, 16:55ean, 18:00etan eta 19:00etan.

TRAFIKO OHARRAK
Astean zehar
- Maiatzaren 11tik 14era: Astelehenetik ostegunera, Partzoneriko sarbideak (Otsaurtetik eta Urdalur aldetik) itxita egongo dira iluntzeko 19:00etatik goizeko 07:00ak arte.
Asteburu osoan zehar
- Maiatzaren 15tik 17era: Zegaman kotxeak garajean sartzea eskatzen da.
- Otsaurtetik Aldaolara joateko bidea itxita egongo da ibilgailuentzat maiatzaren 13ko iluntzeko 19:00etatik (ostirala) maiatzaren 15eko goizeko 06:00ak arte (igandea).
- Urdalurreko pasabidea Beunde, Aldaola eta Sancti Spiritutik datozen ibilgailuentzat bakarrik izango da irteera-bidea.
Ostirala (maiatzak 15)
- Apeaderoko bidea itxita egongo da eguerdiko 12:00etatik aurrera, baimenduentzat izan ezik.
- Eguerdiko 14:00etatik aurrera eta Kilometro Bertikaleko proba bukatu arte, lineako autobusak farmazia aurrean buelta hartuko du, geltokia bertan izanaz.
Larunbata (maiatzak 16)
- Lineako autobusak egun osoan zehar farmazia aurrean hartuko du buelta, beraz, geltokia bertan egongo da.
Igandea (maiatzak 17)
- Ugarte-Zelai kaleak norabide bakarra izango du, Otsaurteranzko norabidea.
- Zegama herri barruan dauden ibilgailuek Otsaurtera joateko norabidean, errepidea irekita izango dute 10:30 arte. Ordu horretatik aurrera itxita egongo da. Aldiz, Zegamara kanpotik datozenek ezin izango dute Zegama zeharkatu, GI-3261 eprrepidea itxita egongo baita egun osoan, Zerain eta Zegama artean. Hauek, San Adrian-Sancti Spiritun lasterketa ikusi nahi badute, Etzegarate/Otsaurtetik joan beharko dute.
- Otsaurte gainean, Otsaurte-Zegama norabidean errepidea itxita egongo da goizeko 06:00etatik 14:00ak arte, baimenduentzat izan ezik. Honela, trafikoa N-1etik (Idiazabal-Segura-Zegama) bideratuko da.
- Lineako autobusa hartu nahi dutenek, Intxaustiko industrialdera joan beharko dute, autobusak ezingo baitu herrian sartu. Zegamatik Intxaustira joateko edo Intxaustitik herrira etortzeko, jarri diren autobus txikiak erabili beharko dira.
Autobus txikien zerbitzua goizeko 06:00etatik 19:00ak bitartean emango da etenik gabe. Autobusa hartzeko geltoki bakarra farmazi aurrean egongo da. - Goizeko 06:00etan Apeaderora joateko autobus zerbitzua (Andraitz kaletik abiatuta) eskainiko da.
Autokarabanak
- Ezingo da autokarabanaz Partzuergora sartu.
- Zegaman, Olaberria/Ugarte-Zelai auzoan eta Anduetza Interpretazio Zentroan. Plaza mugatuak.
- Guardi industriagunean, Segura eta Idiazabalen izango da lekurik zabalena.












