«Boluntarioen zeregina ez da aldatu baina exijentzia maila bai»
Jon Elortza boluntarioa Aizkorriko gailurrean egoten da Zegama-Aizkorri maratoiaren egunean.
25 urte daramatzazu boluntario lanetan. Zergatik erabaki zenuen izena ematea?
Zegaman egiten diren ekintza herrikoietan laguntzeko joera daukagunez, eta gainera mendia gustatzen zaigunez ez genuen inongo dudarik eduki laguntzeko
Non egoten zara? Zein da zure egitekoa?
Maratoi egunean Aizkorrin egoten naiz. Hasiera batean taldeko kide bezala eta azken aldian talde buru bezala.
Zer eman eta kendu dizu boluntario izateak?
Zegama bezalako herri txiki bat ia mundu guztian ezaguna izateak ematen duen satisfakzioa eta sortzen den giroa herritarron artean. Kendu esango nuke denbora, buruhauste batzuk eta loa ere esango nuke taldeburua naizen momentutik .
Asko aldatu al da boluntario zeregina hasieratik hona?
Boluntarioon zeregina ez da aldatu baina exijentzia maila bai. Iritsi den lekura iritsita gauzak hobetzen joan nahi dugulako. Ingurumenarekiko errespetua, zaborraren kudeaketa, telebistan zuzenean emateak dakartzan zereginak…
Nekerik sumatu al duzu?
Nekea bai, urte asko dira baino ondorenean dena ondo atera dela ikusita eta jendearen jarrerarekin aurrera egiten dugu.
25 urteotan bizitako anekdota edo pasarteren bat?
Boluntario bezala ibiltzen naiz baina urte batzuetan maratoia egitera ere animatu naiz eta orduan konturatzen zera ze lanak egiten diren eta berezia da jendearen oihuak entzutea.












