Ampo Ordiziak 34 eta 28 galdu du Sevillako Ciencias taldearen kontra
Ampo Ordiziak ezin izan du garaipena lortu herenegun Sevillan jokatutako ligako partidan. Sevilla Ciencias taldearen aurka 34 eta 28 galdu du Ordiziako taldeak. Azken minutura arte borrokatu dute goierritarrek. Garaipena lortu ez badute ere, defentsa bonusa eskuratzea lortu dute. Goierrikoen hutsegiteek eta Sevillakoen sendotasunak bideratu du partida.
Lehenengo zatian hiru entsegu egin ditu Ciencias-ek. 24. minututik 66. minutura ez du punturik eskuratu Ordiziako taldeak. Aukerak izan dituzte, halere, touche eta mele bana izan baitituzte 5 metro baino gutxigora. Goierritarren melea Sevillakoena baino hobea izan da, baina nagusitasun hori ezin izan dute markagailuan islatu.
Zazpigarren postuan
Lanean jarraituko du talde goierritarrak hutsegiteei aurre egiteko. Ohorezko mailako sailkapenean zazpigarren postuan da Ampo Ordizia, sei punturekin. Aurretik, Complutense Cisneros, 8 punturekin, VRAC Quesos Entrepinares 9 punturekin, Barsa Rugbi, Alcobendas eta Santboiana 10 punturekin, eta El Salvador 13 punturekin. Ordiziak jokatutako hiru partidetatik, bi galdu ditu, eta bat irabazi. Laugarren jardunaldia azaroaren 7an izango da. Complutense Cisnerosen aurka lehiatuko da Ordizia, Altamiran.












