Iraitz Zubizarretak Ataunen lor dezake finalaurrekora igarotzea
Profesional mailako jaialdia antolatu dute Baikok eta Ataun Kirol Elkarteak, biharko. Lau t'erdian ariko dira; Zubizarretak, Larrazabal izango du aurkari.
Profesionaletan pilota jaialdia antolatu dute Baiko enpresak eta Ataungo Kirol Elkarteak. Auzoeta kiroldegiko frontoian, bihar 18:30ean hasiko da. Lau t’erdiko bi partida izango dira, eta nagusian Iraitz Zubizarreta ataundarrak txapelketakoa jokatuko du, Larrazabalen aurka. Lehenbizi, Agirre eta Arteaga II.a ariko dira, kaiolan baina lagunartekoan.
Promozioko Lau t’erdiko Txapelketako partida erabakigarria da Zubizarreta III.arentzat. Final-laurdenetako sailkapen ligaxkako hirugarren eta azken partida du, B multzokoa, eta finalaurrekora sartzea bere esku dago.
Orain arte, Egiguren V.aren aurkakoa irabazita (15-22) eta Dariorekin galduta (22-17) dago Zubizarreta. Dariok, bere aldetik, biak irabazi ditu, eta Egigurenek ere bat eta bateko balantzea dauka. Zubizarretaren alderako izan liteke aurkarien neurria: zereginik ez daukan Larrazabali aurre egingo dio ataundarrak, herriko frontoian; Egigurenek, aldiz, sendo dagoen Darioren parean dauka sailkapena irabazi beharra, Eibarren, etzi.
Sarrerak, 10 eurotik
Berdinketa kasuan, tanto kopuruan orain arte paretsu daude Zubizarreta eta Egiguren: 2 tanto gehiago ataundarrak. Finalaurrekora lau pilotari sartuko dira, multzo bakoitzetik bina. A multzoan, Zabala bi irabazita dago; Bakaikoa eta Alberdi banarekin, eta Salaberria biak galduta.
Ataungo biharko jaialdirako sarrerak 10 eurotik aurrera eros daitezke, entradasfronton.com webgunean.