Ibilbide luzea du zinemak
Zinema duela 100 urte baino gehiago iritsi zen Legazpira, eta ordutik ez du ia etenik izan. Ibilbide luze horri errepaso egiten dion erakusketa irekiko dute igandean, paper fabrika zaharrean.
Zinemak 100 urtetik gorako ibilbidea du Legazpin, eta oso emankorra izan da gainera. Zine klub taldeak antolatuta, eta Lenbur Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako kultura sailen babesarekin, erakusketa batean bildu dute historia hori, Zineak 100 urte Legazpin izenburupean.
Igandean, azaroak 7 inauguratuko dute erakusketa, 11:30ean, Patricio Elorza papeleran, Txillida Lantokiaren ondoan. Hurrengo astetik aurrera abenduaren 2ra arte, ostegunetik igandera egongo da ikusgai.
Fabrika Gunea museoa
Zine Klub Legazpik bere 50 urteurrena ospatzeko ekitaldietako bat da erakusketa hau, eta elkarteko Josean Larrea da komisarioa, Lenburreko zuzendari ohia den Aurelio Gonzalezekin batera. Erakusketa osatzeko garaian, Txakel Urarte eta Bittor Larraza diseinatzaileen laguntza izan dute.
Toki berezia aukeratu dute erakusketarako, industrializazioaren museo izateko Txillida Lantokiaren ondoan Lenbur prestatzen ari den aretoa, hain zuzen ere. «Fabrika Gunea du izena», azaldu du Gonzalezek, eta «industrializazioarekin zerikusia duten hainbat gai jorratuko dira bertan: teknologia, burdinoletatik fabrikarako jauzia, immigrazioa, sindikalismoa…».
Oraindik ateak ireki ez dituen museo berri horretan, erakusketa puntualak egitea ere aurreikusten dute, eta asmo horretan kokatzen da zinemarena, industrializazioaren gaiarekin oso lotuta baitago aisialdia ere.
Informazio iturriak
Gonzalez eta Larrea aritu dira erakusketa osatzeko informazioa biltzen, eta Legazpiko zine areto zaharretan lan egindako pertsonen familiak aipatu dituzte informazio iturri nagusi gisa. Familia horiek erakutsitako gogoa nabarmendu du Gonzalezek, horiei esker aretoei eta langileei buruzko datu ugari ezagutu ahal izan dituztelako, «baina denekin ezin izan gara egon, tamalez».
Garai bateko Hots eta Ene Bada! aldizkariak eta egunkarietako kronikak ere aipatu ditu, baita udal artxibategiko dokumentuak ere.
Arlo grafikoari dagokionez, Luzio Bergararen argazki zaharrak, Lenbur fundazioaren eta Gonzalez beraren artxiboak eta Agustin Zubeldia eta Jesus Andueraren argazkiak zerrendatu ditu. Argazkiekin batera, material grafiko gehiago ere izango da erakusketan, pelikulen kartelak eta afitxeak besteak beste, azken horiek zine klub elkarteari esker lortutakoak.
Proiektore bat, pelikula bobinak, gortina handiak, desagertutako aretoetako dekorazioko elementuak… Horiekin guztiekin, Legazpin zinemak dituen 100 urtetik gorako historiari errepaso entretenigarria egingo diote erakusketan. Lehen emanaldien aipamenak 1912koak dira, eta harrezkero, zinemak ez du etenik izan.
Zinema Legazpin
XX. MENDEKO LEHEN ERDIA
Plazako eskolak. Herriko jaietan, 1912ko apirilaren 28an, zine emanaldia haur eskolan.
Garbitegi publikoak. Jaietan zinema areto bihurtzeko eskaria, 1923ko apirilaren 22an.
Parrokia zinema. Brinkolan, 1945 inguruan filmak botatzen zituzten mutilen eskolan. 1949 inguruan, Legazpiko Parrokia
Zinema ekonomato zaharrean egon zen, eta Ekintza Katolikoko gazteen aretoan (Kale Nagusian) egin ziren emanaldiak.XX. MENDEKO 2. ERDIA
Artzain Onaren eskola. 1943tik 1978ra arte, igandero saioak.
Ibai Ondo zinema. 1950eko apirilaren 30ean inauguratu zen, bezperan lehen emanaldia egin eta gero. Zine komertziala
1965ra arte eman zuen, eta zine foruma 1972ra arte. 1983an eraitsi zuten.1963-1985 TARTEA
Eslesa zinema. 1965eko irailaren 1ean ireki zen. Errentagarritasun eza argudiatuta, 1985eko
irailean itxi zuten. 1987ko abenduan eraitsi zuten.1985-1991 TARTEA
Zinema aretorik gabe. Emanaldiak izan ziren tarte horretan: haurrentzako zinema, Hegialdeko jai batzordeak eta Gazte Asanbladak antolatuta aire libreko emanaldiak, Kultur Etxean saioak, Erkatzek antolatuta gazteentzako saioak ikastolan.1991-2021 TARTEA
Latxartegi aretoa. 1991eko apirilaren 18an inauguratu zen. Lehen zine emanaldia irailaren 13an izan zen. Gaur Zine Klub Legazpik kudeatzen du zinema jarduera.