Hondakinen murrizketaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute
Hondakinen murrizketa astea ospatuko dute Ordizian, azaroaren 20tik 28ra. Plastikoaren erabilpena murriztea da helburu nagusietako bat, baita lurrera hondakinik ez heltzea ere
Hondakinen murrizketa astea egingo dute Europan, azaroaren 20tik 28ra. Ordiziako Udalak ere bat egingo du, ingurumenarekiko errespetua eta iraunkortasunaren kultura dinamizatzeko eta sentsibilizatzeko helburuarekin.
Maitane Alvarez Ordiziako alkateordearen hitzetan, «zalantzarik gabe, gai estrategikoa da», izan ere, «Ordizia Ekintza Planean jasota ditugu ekintza zehatzak».
Horretarako, hurrengo egunetarako hainbat ekintza iragarri ditu. «Plastikoaren inguruan kontzientziak piztu nahi ditugu», adierazi du Alvarezek. Batetik, plastikoaren erabileraz hitz egiten duen bideoa sortu dute. Bideoan plastikoaren erabilpena ekidin edo murriztu egin behar dela argi eta garbi azalduko da.
Bestetik, paperezko poltsak sortu dituzte. Horrez gain, gogoratu du, azokako ikurrarekin aspaldi atera zituztela poltsa handi berrerabilgarriak. «Gure erosketa ohituretan eragin behar dugu, erabilera bakarreko plastikoa murriztuz», nabarmendu du Alvarezek.
Hondakinik ez lurrean
Gainera, aurkezpena baliatu du esateko Ordizian dauden edukiontzi puntu desberdinen egoera «kezkagarria» dela. «Etxetik ateratako poltsak lurrean botata uzten direlako eta honek arazo asko sortzen ditu».
Horregatik, udalak eta Sasieta Mankomunitateak elkarlanean duten kanpainari jarraipena emango diote, non lurrean botatzen diren zaborrak ekiditea den helburua.
Gehiago ere bada Alvarezek esan duenez, zeren badirudi edukiontzi handien inguruan bakarrik ez, beste puntu batzuetan ere ez dela guztiz errespetatzen. Esan du, «kaleko puntu askotan zakarrontziak ditugu, lau frakzio ezberdin jasotzen dutenak, eta hala ere kaleetan zikintasun ugari topatzen dugu. Puntu horien jarraipena egingo dute.
Hondakinak murrizteko bidean, duela gutxi erreka garbiketa egin zuten Ordizia. Horrez gain, ibai ertzeko baranda azpietan burdin-sarea ipini dute, Eguzki talde ekologistarekin elkarlanean.
Azkenik, datorren ostegunean, Ekomodo enpresarekin batera martxan jarri duten Ekogela proiektua aurkeztuko dute. Ikastetxeekin elkarlanean garatuko dute honakoa.












