Gertukoenen beroa jaso du
Eneko Agirrezabal, Behobia-Donostia lasterketaren 56. edizioaren irabazlea omendu dute Txindoki Atletismo Taldeko kideek eta Segurako lagunek eta herritarrek
Behobia-Donostia lasterketa irabazi izana ahaztea zaila izango da Eneko Agirrezabal segurarrentzat, baina ahaztuko ez duena da, garaipen horren ondoren, lagunengandik, taldekideengandik, herritarrengandik eta beste hainbat eta hainbat pertsonengandik jasotako keinuak.
Egunotan, bi omenaldi gehiago egin dizkiote. Bata, Ordiziako Altamira estadioan, ostiralean, bere taldekideek egin ziotena. Txindoki atletismo taldeko gaztetxoek, pasilloa egin zioten; ondoren, bi taldekidek aurreskua dantzatu eta lore sorta bat eman zioten. Azkenik, klubaren historiarako argazkia atera zuten.
Larunbatean, berriz, Seguran, ustekabean harrapatu zuten; kuadrillako lagunek pasilloa egin zioten, urte hauetan Agirrezabalek lortu dituen txapelak jantzita zituztela. Aurreskua dantzatu eta argazkia atera zuten ondoren.













