Segurako lehiaketan 16 parte hartzaile eta 43 argazki lehiatu dira
Segurako Udalak 14. argazki lehiaketako argazki aukeratuen zerrenda zabaldu du. Urrian jarri zuen martxan lehiaketa udalak herriko merkatari eta zerbitzuen laguntzarekin, 2022ko pareta eta poltsikoko egutegiak kaleratzeko helburuz. 16 herritarrek parte hartu dute aurtengo edizioan, 43 argazki aurkeztuta, Esaera zaharrak izenburupean. 12 izan dira aukeratuak, eta abenduaren 17an egingo den sari banaketan jakinaraziko dituzte irabazleak.
15. Euskal liburu, disko eta jostailu azokan izango da sari banaketa, 18:30ean, eta abenduaren 20tik aurrera izango dira egutegiak eskuragai herriko hainbat dendatan: Ondarre zerbitzu dendan, Izaskun ile apaindegian, Txokoa-Pagosa okindegian, Laura fruta dendan, Atseden tabernan, Miren Imaz estankoan, Oreka fisioterapia zentroan, Maite Lasa Arbulu botikan, Elorripe tabernan, Izkiña jatetxe-tabernan, Imaz jatetxe-hotel-okindegian eta Ikernet informatika zerbitzu dendan, alegia.
Aukeratutako argazkiak
11 herritarren 12 argazki aukeratu dituzte 2022ko egutegirako, bat hilabete bakoitzeko. Iban Urkiola Damianen, Erkuden Elortza Jauregiren, M. Eskarne Berriozabal Ussiaren, Judith Arrubarrena Ugartemendiaren, Iker Zabala Telleriaren, Itsaso Sodupe Intxaustiren, Joseba Telleria Albizuren, Naiara Oiarbide Begiristainen, Iñaki Sanchezen, Segura Irratiaren eta Elur Telleria Pedrosaren lanek osatu dute hurrengo urtean erabilgarri izango den almanaka.













