Irati Goikoetxeak bi literatur sari irabazi ditu egun berean
Irati Goikoetxeak Ondarroako (Bizkaia) Nanoipuin lehiaketa eta Mungiako (Bizkaia) Lauaxeta olerki lehiaketa irabazi zituen abenduaren 3an. Idazle beasaindarrak «oso pozik» dagoela aitortu du. «Epaimahaiaren begirunea jasotzeak asko betetzen zaitu. Eta ez nolanahiko epaimahaiarena». Mungian Miren Agur Meabe eta Juanra Madariaga izan ziren eta Ondarroan, Leire Bilbao eta Ana Urkiza.
Goikoetxea formatu luzeagoetara dago ohituta eta ideiak horrenbeste sintetizatzea ez zaiola erraza egin dio. «Baina ariketa polita da, interesgarria. Idazkera fintzeko balio dit eta beste proiektu luzeagoetatik deskonektatzeko», zehaztu du. Esaterako, Nanoipuin lehiaketan 140 karakteretan kontatu behar zuen istorio oso bat: Ihesi, ohearen azpian ezkutatu zen Mara. bi beldur topatu zituen bertan; bat jan egin zuen eta bestea gose bihurtu.Bilbaok eta Urkizak istorioaren erritmoa eta literatura klasikotik jasotako irudiak azpimarratu zituzten: «Baina literatura klasikoaren erreferenteetan ez bezala, honakoan, amaiera ez da itxia. Eta ipuinak sortzen duen desasosegua ez da desagertzen. Amaiera irekia du ipuinak, metafora bat janzterako bidea egiten duelarik». Ekaitz Goikoetxea anaiak irabazi zuen iazko edizioa, bederatzigarrena.
Gona gorria
Mungian Estepan Urkiaga Lauaxetaren Etxeko Alabea olerkian oinarrituta poesia sorta bat aurkeztu behar zen. Goikoetxeak alabaren bizitza idatzi zuen sei poesia multzotan, gona gorria ardatz hartuta. «Emaitza gora behera, lanarekin oso gustura gelditu nintzen», dio. «Olerkia emakume eta nor izan nahi duten guztiei eskeini nahi diet. Ikusgarritasuna aldarrikatzea helburu duen olerkia da», gaineratu du. Iaz ere berak irabazi zuen.












