Pipa eskuetan duen Olentzero
Goierriko haurrek Olentzerori eta Mari Domingiri eskutitzak eman dizkiete asteburuan, Eguberri Egunerako opariak prest edukitzeko. Hala izango dela zin egin du bikoteak.
Goierriko haurrek Olentzerori eta Mari Domingiri eskutitzak eman zizkieten asteburuan. Larunbat goizean, adibidez, Zerainen izan ziren; arratsaldean, berriz, Zegamako Anduetza parketxean eta Ezkioko udaletxean. COVIDagatik topaketak talde txikietan egin zituzten, baina eskaririk egin gabeko haurrik ez zen gelditu.
Olentzero eta Mari Domingik aitortu zuten urte zaila izan dela. Pentsa, pipa eskuan izan zuen egun osoan, musukorik ez baitzuen kendu; COVID ziurtagiria ere prest du bikoteak, opari guztiak arazorik gabe entregatzeko. Zakua bete lan izango dute, Goierriko haurrak oso ongi portatu direla aitortu baitzuen. «Zenbait guraso okerrago portatu dira», egin zuen txantxa. Ikatz apur bat banatzea egokituko zaie, hortaz.
Jostailu digitalak geroz eta ohikoagoak diren arren, Olentzerok azaldu zuen jolas analogikoak oraindik ere asko eskatzen direla. «PAW patrolen jolasak askok eskatu dizkidate», aipatu zuen. «Baita ere jostailuzko ibilgailuak: trenak, traktoreak…». Mezua bidali zien Goierriko haur guztiei: «Lasai egon. Eskatutako guztia prest izango dugu Gabon Gauerako».
Kontu kontari
Haurrak Olentzerorekin eta Mari Domingirekin kontu kontari ibili ziren. Zegaman, adibidez, Olentzerok ikatza nola egiten duen azaldu zien eta bere izenaren jatorriaren inguruko ipuin bat kontatu zien. Haurrek eta gurasoek taloak egiten ere ikasi zuten. Beraiek egindako taloak txokolatearekin jan zituzten meriendatzeko.












