Liburu ekoizpen erdia euskaraz
2021ean 40 titulu argitaratu dira liburutan Goierrin. Euskaraz 20 dira, gaztelaniaz 16, elebitan hiru eta grafikoa bat. Eleberria da arlo ugariena, baina erdara nagusi
Goierriko liburugintzak aurreko urteko kopuruari eutsi dio. Bukatzera doan 2021ean, 40 titulu argitaratu dira, bai Goierrin, bai Goierriri buruz kanpoko idazleek, bai eskualdean sustatutako literatura sariketen bitartez. 2020ko kopuru berbera da.
Hizkuntzari dagokionez, euskara lekua galtzen eta gaztelania irabazten ari da. Argitalpen guztietatik 20 euskaraz atera dituzte (%50), baina 2020tik 2,5 puntu behera egin du portzentaiak. Gaztelania hutsean daude aurten argitaratutako 16 liburu (%40). Bost puntu egin du gora erdarazkoen aukerak. Elebitan hiru daude: bi ikerketa lan eta saiakera bat. Argazkigintza eta urmargoen liburua da beste bat.
Generoka, narratiba literarioak (eleberriak, narrazioak, ipuinak) segitzen du lider izaten, bai euskaraz, bai gaztelaniaz. Guztira 15 eleberri atera dira 2021ean. Euskarazko eleberrigintzak gora egin du, baina oraindik gaztelaniazkoaren azpitik dago: 7 titulu euskaraz (hizkuntza horretako ekoizpen guztiaren %35 da), 8 gaztelaniaz (%50 erdaran).
Haur eta gazte literaturan, euskararen aldekoa da joera, nabarmen. 7 liburu sailka daitezke adin txikikoenentzat egindakoak euskaraz, eta bakarra erdaraz.
Gaztea eta emakumezkoa
Goierrin egin den ekoizpen osoaren %62,5 genero literararioetakoa da. Euskaraz, idazle berrien agerpen entzutetsuen urtea izan da. Gaztea eta emakumezkoa da euskal idazle goierritar berria. Amaia Telleriak, helduentzat lehen eleberri Haize-lekuak iaz atera ondoren, haur eta gazte literaturetara zabaldu du plaza.
Enara Garmendia Riconen agerpena izan da beste albiste pozgarri bat. Bi liburu aurkeztu zituen maiatzean Idiazabalen bizi den olaberritarrak: helduen narratiban Etxetik Ameriketara eta 10-13 urte bitarteko haurrentzat Hiru gara, baina niri bost!.
Betzaida Urtaza legorretarrak ere konfirmazio urtea izan du. Irati Goikoetxea beasaindarrak ondutako Herriak ez du barkatuko izan da urteko beste harribitxi bat, 22. Igartza Literatura Saria irabazi ostean argitaratua. Indarkeriaren biktima baten soinean jarrita, isilik mantendutako errealitate minbera bat «sentiberatasunez» plazaratzearen dohaina aitortu dio kritikak.
Beteranoen artean, Migel Angel Mintegik ere borroka armatuaren printzak eraman ditu fikziora, 9 mm parabellum eleberrian. Pio Berasategi zegamar zenaren narratiba aberatsa gozatzeko, Beste zenbait istorio dauka irakurleak, maiatzetik.
Gaztelaniaz, ospatuak izan dira Ane Odriozola legazpiarraren Gibolako trilogiaren hirugarren eta azken liburuaren argitalpena (Conspiracion en Gibola, Circulo Rojo), edota Elordi Garcia kazetari lazkaotarraren Imparable hasta la medula (Corona Borealis), leuzemiaren gai gordina lehen pertsonan kontatua. Lazkaoko azokan liburu salduena izan da.













