Chema Tena urretxuarra, Madrilen zuzendari
Urretxuko eta Zumarragako udalek ikuskizun eszenikoen 2022ko egitaraua aurkeztu dute. Maiatzaren 6an Chema Tena urretxuarrak zuzendutako 'Doberman' antzezlanaz gozatu ahal izango da.
Urretxuko eta Zumarragako udalen ikuskizun eszenikoen egitarauko protagonis- ta nagusietako bat Chema Tena urretxuarra izango da. Izan ere, jaioterrira etorriko da eta antzerki zuzendari gisa gainera. Tena Madrilen bizi da eta maiatzaren 6an Doberman lana ekarriko du Zumarragako Zelai Arizti aretora.
Urretxuko aktore eta zuzendaria oso pozik dago, noski. Lehenengoz, berak zuzendutako lan bat bere herrian antzeztuko da. «Doberman nire bigarren lana da. Lehenengoa La Pilarcita izan zen. Anna Castillo aktore ezagunak lan egin zuen eta El Pais egunkarian kritika bikaina jaso zuen, baina ez genuen saio asko egiteko aukerarik izan», aipatu du.
Tenak ez zuen konpainia handi baten babesik izan eta sekulako lana egin behar izan zuen bere egitasmoa aurrera ateratzeko. «Eszenografia nik neuk muntatzen eta desmuntatzen nuen, argiaz ere ni arduratzen nintzen… 9.000 euro inbertitu nituen, baina merezi izan zuen. Anna Castillo eta Mona Martinez aktore bikainekin lan egiteko aukera izan nuen», azaldu du urretxuarrak.
Oraingo honetan, berriz, babes handiagoa izango du. «Argentinar batzuk Doberman antzezlana egitea proposatu didate. Protagonistak elkarrekin topo egiten duten bi emakume dira. Biak oso mundu ezberdinetatik datoz eta bi munduen arteko gerra piztuko da. Maskulinitateak eraginda borrokatzen diren bi emakume dira. Gustuko dut hori erakustea. Izan ere, emakume askok ere gizonezkoen ezaugarriak hartu dituzte eta hainbat gauza gizonezkoek bezala egiten dituzte, nahiz eta berez beharbada beste era batera egingo lituzketen».
Emakumeen eta jende xumearen mundua gustuko dituela dio eta antzezlanean bi mundu horiek ageri dira. «Familia xume batekoa naiz eta antzezlan honetan nire burua ere islatuta ikusten dut. Protagonistetako bat funtzionarioa eta handiustea da. Besteak, berriz, ezer gutxi daki munduaz. Sei seme-alaba ditu eta senarrarekin eta seme-alabekin nahikoa du. Dena den, funtzionari handiusteak ere ez ditu esperientzia asko bizi izan. Antzezlanean osasun mentalaren gaia ere lantzen da», azaldu du Tenak.
Testua Azul Lombardia gidoilari eta zuzendari argentinarrarena da eta egokitzapena Tenak berak egin du. Lombardiak Doberman zinera eraman zuen, 2019an.
Tena prestatzen ari den antzezlanari dagokionez, urretxuarra lehen urratsak ematen ari da. Oraindik ezin du aktoreak zeintzuk izango diren esan eta lana Zumarragako Zelai Arizti aretoan estreinatuko duela uste du. Ilusioa egiten dio, noski.
La Pilarcitaren egokitzapena ere Tenak egin zuen. «La Pilarcita antzezlaneko protagonista gurdia hartuta bere etxea utzi behar izan duen familia bat da. Alaba gurditik erortzen da eta gurdiak zapaltzen du. Jendea haurrak istripua izan duen tokira panpinak eramaten hasten da. Haurra santu pagano bat bilakatzen da. Antzezlan hau Maria Marull argentinarrak idatzi zuen. Argentinan santu pagano asko daude. Halako batean, emakume batek haurrari bere maitalea sendatzeko eskatzen dio eta horretarako haurra hirira eramaten du. Horretan, haurraren bizitzak eta nireak antzekotasuna dute: biok herri batean jaio ginen eta biok hiri batean bukatu dugu».
Urretxuarra, pixkanaka, bidea irekitzen ari da Espainiako hiriburuan. Besteak beste, 2019an zazpi Goya sari irabazi zituen El Reino pelikulan lan egin du.












