Alkatetzaren agenda instituzionalaren balantzea egin du udalak
Legazpiko Udalak alkatetzaren agenda instituzionalaren balantzea argitaratu du. Agendan, alkateak izandako erakundeen arteko bilerak, ekitaldi publikoak, herritarrekin bilerak eta prentsaurreak eta alkatetzatik argitaratutako albisteak jasotzen dira.
Iaz, beste udal batzuekin, Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, eta beste erakunde batzuekin 151 bilera izan zituen alkateak, aurreko hiru urteetan baino gehiago: 2020an 120 bilera egin zituen, 2019an 117, eta 2018an 149. Herritarrekin, berriz, gutxiagotan bildu zen iaz, 45 aldiz; aurreko urtean 47, duela bi urte 111 eta duela hiru urte 84. Ekitaldi publikoak asko jaitsi dira azken bi urteetan, COVID-aren eraginez: 28 izan zituen iaz, 8 besterik ez 2020an, 58 aurreko urtean, eta 2018an 76. Bestalde, 26 prentsaurreko eman zituen iaz (2020an 22, 2019an 23, eta 2018an 29). Amaitzeko, alkatetzak 390 albiste argitaratu zituen webgunean, 2020an 305, 2019an 420, eta 2018an 386.
Agenda instituzionala
Alkatearen agenda instituzionala www.legazpi.eus webgunean Udala izeneko atalean, Alkatea eta Korporazioa sailean ikus daiteke, eta asterako aurreikusita dituen ekintzak jasotzen dira. Liberatuta dauden Maite Lonbide eta Edurne Gonzalez zinegotzien agendak ere agertzen dira.












