Eskola kiroleko protokolo berriarekin desadostasuna adierazi dute Seguran
Haitz Lehor Guraso Elkarteak deitutako elkarretaratzean eskola kirolean lehiaketak bertan behera uztea gaitzetsi dute. Erabakiak «ebidentzia zientifikorik» ez, «onurarik» ez duela diote
Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek eskola kirolaren gainean hartutako erabakiek zeresana eman dute azken asteotan. Aldundiek dute eskola kirolaren gaineko eskumena, eta urtarrilaren 10etik urtarrilaren 28ra arte, eskola kirolean lehiaketarik ez ospatzeko erabakia hartu zuten hirurek, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko kideekin bildu ondoren. Entrenamenduak bakarrik egiten dituzte ikasleek. Segurako Haitz Lehor Guraso Elkarteko kideek erabakiarekin desadostasuna adierazi zuten larunbatean Baratze pilotaleku kanpoaldean egindako elkarretaratzean.
«Pandemia hasi zenetik eskola kiroleko konpetizioa aurrera eraman denean, aski demostratu da behar ziren neurriak eta protokoloak martxan jarri direla», azaldu zuten gurasoek. «Horrelako neurria hartzen duen erkidego bakarra» izanik eta «jendetza biltzen duen beste jarduera batzuk baimentzen diren bitartean, ohitura osasungarrienetako bat zigortzen» dutela salatu zuten konzentrazioan.
Lehiaketa bertan behera uztearen erabakia gaitzetsi eta «inolako ebidentzia zientifikotan» oinarritzen ez dela eta osasun egoera hobetzeko «inolako onurarik» ez duela gehitu dute.
Federazioen eskaera
Joan den astelehenean Gipuzkoako hainbat federaziok lehiaketak baimentzea eskatu zuten Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzara bidalitako ohar baten bidez. Bi egun geroago, Harkaitz Millan Gipuzkoako Kirol diputatuak eskaerarekin bat egin zuen, «justifikaziorik ez duen egoera» bat dela eta «eskola kirolaren eta federatutako fitxen arteko diskriminazioa» sortzen duela argudiatuz. Lehiaketak bertan behera uzteko erabakia «aho batez onartu ez» zela gehitu zuen.
Ostiralera arte egongo da indarrean neurria, urtarrilaren 28ra arte, aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak beste erabakirik hartzen ez badute.













