Euskadiko txapela egongo da jokoan aurtengo UZ Trail mendi lasterketan
Goierriko Kopako lehen proba ere izango da. Korrikalariek 'rockthesport.com' webgunean eman behar dute izena. Martxoaren 6an izango da, 09:15ean
Martxoaren 6an UZ Trail mendi lasterketa egingo da Urretxun eta Zumarragan. Aurten, lehenengo aldiz, Euskadiko Atletismo Federazioaren Euskadiko Trail Txapelketa jokoan egongo da. Gainera, Goierriko Kopako lehen proba izango da. Korrikalariak 09:15ean abiatuko dira Areizaga-Kalebarrenetik eta helmuga ere bertan egongo da.
Izen-ematea zabalik da jada, rockthesport.com webgunean. Ibilbide luzeko parte hartzaileek 23 kilometro egingo dituzte (Beloki, Izazpi eta Irimo igoko dituzte). Ibilbideak 1.600 metroko desnibela du. Proba honetan Euskadiko txapela jokoan egongo da. Izen-emateak 20 euro balio du. Adin txikikoek ezin dute proba luzean parte hartu.
12 kilometroko proban, berriz, 23 urte azpikoen Euskadiko txapela egongo da jokoan. Baina adin guztietako korrikalariek parte hartu ahal izango dute. Korrikalariek Beloki eta Izazpi igoko dituzte. 800 metroko desnibela gaindituko dute. Izen-emateak 10 euro balio du.
20 urte azpikoen Euskadiko txapelketa ere egingo da. Hauek 6 kilometroko ibilbidea osatuko dute: Belokira igoko dira eta ondoren herrira jaitsi. Proba honetan 20 urte azpikoek bakarrik parte har dezakete eta izen-emateak 5 euro balio du.
Martxoaren 5a arte
Izena emateko azken eguna martxoaren 5a da. Inoiz baino jende gehiago ari da izena ematen.
Dortsalak Ederrena pilotalekuan jasoko dituzte eta lasterketa amaitu ondoren Aldiri kiroldegian dutxatzeko aukera edukiko dute. Gainera, guztientzat jana eta edana egongo da eta oparien zozketan parte hartuko dute.













