Zibersegurtasunerako jardunaldiak antolatu ditu Zegamako Udalak
Zegamako Udaleko Gazteria Sailak antolatuta, zibersegurtasunaren inguruan sentsibilizatzeko jardunaldiak egingo dituzte datozen egunetan Zegaman. Bi saio izango dira, nerabeei zein gurasoei zuzenduak. Nerabeentzako saioa ostiralean egingo dute, 17:00etatik 19:00etara. Gaztelekuan eman behar dute izena nerabeek, eta izen-ematearen arabera zehaztuko dute saioa non egingo den. Jardunaldien helburua mugikorren gehiegizko erabileraren prebentzioa eta kontrola sustatzea da. Erabiltzen diren gailu, aplikazio eta zerbitzuak ebaluatuko dituzte, adingabekoen garapenean gehiegizko erabilerak duen eragina ezagutuko dute eta prebentziorako eta esku hartu ahal izateko estrategiak zein diren ezagutuko dute parte hartzen duten gazteek.
Ostegunera arte
Gaztelekuko nerabeen gurasoei zuzendutako saioa, berriz, datorren asteartean izango da, otsailaren 15ean, 18:00etatik 20:00etara, eta gai bera jorratuko dute. Gurasoek liburutegia@ zegama.eus helbidera idatzita eman behar dute izena. Osteguna izango da izena emateko azken eguna.
Nerabeen saioarekin bezala, parte hartzaile kopuruaren arabera zehaztuko dute eta jakinaraziko dute tokia. Udalak nerabeak zein gurasoak animatu ditu parte hartzera.












