Uemak antolatutako udalekuetan izena emateko epea zabalik
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Salto! gazteentzako udalekuak antolatu ditu bosgarren urtez, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Ekainaren 27tik uztailaren 3ra izango dira. Aurten ere ibiltaria izango da ekimena, eta bi zutabe izango ditu. Bata Tolosatik irtengo da, eta bestea Etxarri Aranaztik. Laugarren egunean, Leitzan elkartuko dira bi zutabeak. Uemak zabaldu duenez, iaz gazte askok eman zuten izena udalekuetan parte hartzeko, eta asko kanpoan geratu zirenez, aurten kopurua bikoiztea erabaki dute. 100 bat lagun izango dira.
Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da udalekuen helburua. «Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea».
Hiru modu izena emateko
Martxoaren 31ra arte egongo da irekita izena emateko epea. Hiru era ezberdin dituzte parte hartu nahi dutenek: uema.eus webgunean, 943 81 66 99 telefonora deituta edo hezkuntza@ uema.eus helbidera idatzita. 95 euroko prezioa du pertsonako.
Begiraleak eta sukaldariak ere behar dituzte. Horiek hautatzeko prozesua ere abiarazi du Uemak. Interesa dutenek martxoaren 31 baino lehen bidali behar dute curriculuma aipatutako helbidera. Apirilaren 15ean jakinaraziko dute erabakia.













