UZ Trail mendi lasterketak inoizko partaidetza altuena izango du
Igandean egingo dute, Zumarragan eta Urretxun. 325 lagunek baino gehiagok eman dute izena. Euskadiko Trail Txapelketa egongo da jokoan
Igandean UZ Trail mendi lasterketa egingo da Urretxun eta Zumarragan. Euskadiko Atletismo Federazioaren Euskadiko Trail Txapelketa jokoan egongo da eta Goierriko Kopako lehen proba izango da. Korrikalariak 09:15ean abiatuko dira Areizaga-Kalebarren plazatik eta helmuga ere bertan egongo da.
Izen-ematea urtarrilean ireki zuten, rockthesport.com webgunean. Dagoeneko, inoiz baino korrikalari gehiagok eman dute izena. 325 lagun baino gehiago elkartuko dira Urretxun eta Zumarragan. Izen-ematea bihar itxiko da, gauerdian.
Ibilbide luzeko parte hartzaileek 23 kilometro egingo dituzte (Beloki, Izazpi eta Irimo igoko dituzte). Proba honetan Euskadiko txapela jokoan egongo da. Izen-emateak 20 euro balio du.
12 kilometroko proban, berriz, 23 urte azpikoen Euskadiko txapela egongo da jokoan. Baina adin guztietako korrikalariek parte hartu ahal izango dute. Korrikalariek Beloki eta Izazpi igoko dituzte. Izen-emateak 10 euro balio du.
20 urte azpikoen Euskadiko txapelketa ere egingo da. Hauek Belokira igoko dira eta ondoren herrira jaitsi. Proba honetan 20 urte azpikoek bakarrik parte har dezakete eta izen-emateak 5 euro balio du.













