Biziola Kooperatiba eta fabrika aurkeztu dituzte gaur Lazkaon
Kooperatiba sortzeko bazkidetza kanpaina jarri dute martxan gaur bertan. Fabrika bertatik bertara ikusteko aukera izan dute ekimenean parte hartu dutenek.
Goierri osoko 130 bat pertsona elkartu ditu gaur goizeko hitzorduak Lazkaon, Arruabarrena gozogintza enpresa kokatzen den eraikinean. Iaz Beasaingo Igartza jauregian Biziola sarearen eta proiektuaren aurkezpena egin ondotik, gaur Biziola Fabrikaren proiektua, eta martxan jarri nahi diren beste hainbat ekimen aurkeztu ditu Biziolak Lazkaon, Goierri burujabeago, orekatuago eta iraunkorrago bat eraikitzeko bidean. Igartzan mahaigaineratu ziren proposamen eta galderei erantzuna emateko asmoarekin egin da gaur goizeko aurkezpena. Biziola Kooperatiba, Biziola Fabrika eta fabrikak bere baitan hartuko dituen beste hainbat proiektu azaltzeko baliatu dute hitzordua.
Mikel Alvarez eta Naroa Elortza Biziolako kideek egin dituzte gidari lanak. Biziola Kooperatibaren sorreraz aritu dira lehenik. Irabazi asmorik gabeko eta gizarte ekimeneko kooperatiba integral bat da proposatzen dutena. Kooperatiba errealitate bihurtzeko beharrezkoa izango da bazkideak saretzea eta horretarako gaur bertan martxan jarri den bazkidetza kanpainaren berri ere eman dute. Hiru bazkide mota aurreikusten dituzte: bazkide erabiltzaileak, bazkide laguntzaileak eta lan bazkideak.
Ideiak errealitate bihurtzeko bitarteko izango den Biziola Fabrikaren proiektuari heldu diote gero. Espazio eta topagune izango da fabrika eta bost gune izan ditzakeela aurreikusten dute. Beheko solairuan, hitzaldiak, tailerrak, antzerkiak, mahai inguruak, kontzertu txikiak… egiteko plaza ireki bat egongo da. Baita Bizigaia proiektuaren garapenerako beste bi gune ere: bertako produktuak erosi ahal izateko denda eta produktuak bildu eta banatzeko logistirako gune bat.
Bigarren solairuan bi espazio bereiziko dituzte: bulegoak eta produktuak eraldatzeko espazio bat. Hasiera batean, Asti Goxo proiektuari zabalduko zaio gunea, gozogintzarako obradore bat jasoko duena.
Guztia martxan jartzeko ahalegin ekonomikoa handia izango dela ere azpimarratu dute. Aipatutako proiektuak aurrera eramateko gutxienez, 100.000 euroko kapitala behar izango dela aurreikusten baita. Horregatik, maiatzaren 14rako 500 bazkide lortzea izan da jarritako lehendabiziko erronka. Herritarrek bazkide egiteko 50 euroko kapital ekarpena egin beharko dute. Eskualdeko udalek, enpresek edo bestelako erakundeek egin dezaketen gutxieneko ekarpena 1.000 eurotan zehaztu dute. Dena den, hasiera batean kapital ekarpen borondatezkoak egiteko aukera zabalik utzi dutela ere esan dute.
Hurrengo hitzordua maiatzaren 14an finkatu dute, hain zuzen. Kooperatibaren lehendabiziko batzar orokorra egingo dute Biziola Fabrikan bertan. Aurretik, gaur egindako aurkezpena gainontzeko herri eta bestelako enpresa edo erakundeetara ere zabaldu nahi dute. Eragile izan nahi duen oro proiektuan parte hartzera gonbidatu dute. Ekitaldiaren amaieran, bazkide egiteko aukera izan dute bertaratu direnek, eta otordu batekin amaitu dute ekitaldia.