Iraia Mendiak urrea jantzi du Espainiako pista estaliko txapelketan
Pista estaliko denboraldiko azkeneko txapelketa izan da, eta orain aire librekoan jarri du begia. Danel Perez ordiziarrak laugarren egin du gorako jauzian
Txindoki Atletismo Taldeko Iraia Mendia Arrieta lazkaotarrak urrezko domina irabazi du 20 urtez azpiko pista estaliko Espainiako txapelketan, 3.000 metroko lasterketan, Malagan. Mendia «oso-oso pozik eta gustura» agertu da lorpen berri honekin, «pista estaliko denboraldia borobiltzea izan delako, oso garrantzitsua dena!».
Larunbatean, 21:00etan egin zuten atletismoan proba erregina den 3.000 metroko emakumezkoen lasterketa, eta guztien artean azkarrena izan zen atleta lazkaotarra. 09:47:01eko denboran osatu zituen hiru kilometroak.
Lehen unetik, garbi zuen domina lortzeko borroka egingo zuela, baina lortu duen arte «zaila zen pentsatzea urrezko domina lortuko nuela».
Egindako esfortzu guztiagatik «nekatuta», baina dagoeneko erronka berriei begira dago lazkaotar gaztea. Mendiak berak adierazi duenez, aire libreko Espainiako txapelketan du orain begia.
Danel Perez laugarren
Danel Perez ordiziarra ere aritu zen Espainiako txapelketan. Gorako jauzian proban hartu zuen parte eta 1,97 metroko jauzia eginda, laugarren postua eskuratu zuen.













