Larunbateko lan heriotza salatu dute Goilaser enpresaren aurrean
Larunbatean Goilaser enpresan gertatutako lan istripua salatzeko elkarretaratzea egin dute. ELA, LAB, Steilas, Hiru, EHNE, ESK eta CCOO sindikatuek egin dute bat. 57 urteko langile bat hil zen lan ezbeharrean. Hilabete baino gutxiago zeraman bertan lanean. LABek adierazi du lan prozesu arriskutsu batean ziharduela berak bakarrik, laguntzarik gabe. «Irmoki salatu nahi dugu hilabete baino gutxiago lanean dirauen langile batek, trebezia behar duten prozesu arriskutsuak bakarrik egin behar izatea». ELAk aldi baterako enpresa baten bidez lan egiten zuela azpimarratu du, «geroz eta prekarioagoa den lan merkatu batean, are nabarmenagoa baita prekarietate hau Aldi Baterako Enpresetan lan egiten duten langileengan». Eusko Jaurlaritzari jarraipen neurriak har ditzala exijitu diote. Aurten Euskal Herrian 13 langile hil dira lantokietan.













