Dolu perinatalari buruzko erakusketa eta mahai ingurua
Esku Hutsak eta Uneak elkarteek eta Zumarragako Udalak dolu perinatala ikusgarri egiteko bi ekitaldi antolatu dituzte: erakusketa eta mahai ingurua.
Haur baten heriotzaren ondorengo doluari deitzen zaio dolu perinatala (haurra haurdunaldian, erditzean edo jaio ondorengo hilabeteetan hiltzen denean).
Erakusketa astelehenean ireki zuten, Zelai Arizti kultur etxeko sarreran. Datorren astelehenera arte egongo da zabalik. Zelai Arizti kultur etxea 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 21:00etara irekitzen dute astelehenetik ostiralera eta 10:30etik 13:30era larunbatetan.
Erakusketan dolu perinatala egin duten familiek ateratako argazkiak eta idatzitako testuak ikus daitezke.
Solasaldia, larunbatean
Mahai inguruari dagokionez, larunbatean izango da Zelai Arizti kultur etxean bertan. 10:30ean hasiko da eta hiru orduko iraupena izango du. Sarrera doan izango da.













