Goierriko hamar bikote igaro dira Euskal Herriko mus txapelketako finalera
Seguran jokatu dira Gipuzkoako kanporaketak. 96 bikote aritu dira; herenak, goierritarrak. Ubegun-Esoain bikote oriotarrak irabazi du txapela; Murua-Vazquez gabiriarrak, hirugarren
Goierriko hamar bikote izango dira Euskal Herriko mus txapelketako finalean. Asteburuan banatu ziren txartelak. Gipuzkoako kanporaketa Segurako Baratze pilotalekuan jokatu zen, larunbatean.
Luze joan zen eguna. 15:30ean hasi baitziren jokatzen eta sei ordu geroago amaitu zen lurralde mailako finala. Ez da gutxiagorako, ia ehun bikote elkartu baitziren. Horietatik 27 goierritarrak izan ziren.
Txapela Oriora joan zen. Ion Ubegun eta Ibai Esoain bikoteak Hernaniko Joxemi Aierbe eta Garikoitz Pascual menderatu zituen. Julen Murua eta Aitor Vazquez gabiriarrek hirugarren amaitu zuten. Beraiek izan ziren lehen goierritarrak.
567 bikote
Gipuzkoan, denera, mila lagunek baino gehiagok hartu dute parte txapelketan. Asko, goierritarrak. Kanporaketak ere goierriko herri nagusi guztietan jokatu dira azken asteetan.













