Itaiak indarkeria matxistari aurre egiteko taldeak eta hitzaldiak antolatu ditu
Goierriko Itaia emakumeen antolakundeak indarkeria matxistari aurre egiteko asanblada edo talde irekiak sortu ditu, eskualdeko hiru eremutan. Beasainen sortu dute talde bat, Ordizian bestea, eta Legazpi-Urretxu-Zumarraga eremuan jardungo duena hirugarrena.
Inkesta baten erantzunak ikusi ondoren, instituzioen tresnek «hutsune nabarmenak» dituztela ondorioztatu dute. Emakume langileek jasaten dituzten zapalkuntzak gainditzeko ere «borondate errealik» ez dagoela salatu dute; «egunerokoan indarkeria forma ezberdinak jasaten ditugu, eta krisi testuinguruan gehiago ari da normalizatzen».
Azkenik, ikus-entzunezkoen plataformetako «indarkeria forma berriak» gaitzetsi ditu Itaiak. «Antolakuntza independetea» lehenetsi dute aurre egiteko, eta hitzaldi sorta bat prestatu.
Itaiak denera lau hitzaldi egingo ditu, indarkeria matxistaren inguruan. Lehena, etzi, osteguna, Zaldibian da (udaletxean, 18:00), Indarkeria matxistaren bi aurpegi: emakume langilea vs. emakume burgesa gaiarekin.
Hurrena, Beasainen hilaren 19an, udaletxean, mahai-inguruan «instituzio burgesen mugak» jorratuko dituzte; Legazpin kultur etxean, 22an, indarkeria matxista eta osasun mentala; eta Ordiziako gaztetxean, 23an, defentsa tailer fisikoa.













