Euskaldunen topaleku
Udalerri euskaldunen bilgune izango da Segura maiatzaren 14an, Udalerri Euskaldunen Eguna ospatuko baita. Herriko Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri euskara elkarteari aitortza egingo diote.

Udalerri euskaldunen topaleku izango da Segura maiatzaren 14an. Udalerri euskaldunen eguna ospatuko da, Euskara aiden! lelopean. Bi urtez behin ospatu ohi da. Segurakoa 2020an zen egitekoa, baina pandemiak eraginda atzeratu egin behar izan dute. Segurako Udalak, Uemak eta herriko hainbat elkartek eta eragilek elkarlanean, egun osoko egitaraua prestatu dute.
Izarra Urdalleta alkateak azaldu duenez, «indarberrituta eta ilusio handiarekin» heldu diote eguna antolatzeari: «Segura herri euskalduna da, euskaraz bizi eta euskaratik egiten duen herria, arnasguneetako herria da, eta horrek harrotasuna ematen dio herriari zein herritarrei».
Udalerri euskaldun guztien topaleku izango da Segura datorren asteburuan, ez bakarrik Uemako kide diren herriena. «Euskaldunak diren herri guztien bilgunea izatea da gure asmoa», azaldu du Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak. Eskerrak eman dizkie udalari, herritarrei, elkarteei eta eragileei, erantzuna «ezin hobea» izan delako. Udalak eta Uemak ez ezik, herriko elkarte eta eragileek ere parte hartu baitute antolakuntzan. «Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri elkarteak, Elorri Elkarteak, Iparra-Hegoak edota Tobera Musika Eskolak parte hartu dute, eta abestiaren inguruan ere herriko dantzari, abeslari edo teknikariek parte hartu dute», gehitu du Rafael Gerriko Elorri elkarteko kideak.
Herritik sortutako abestia
Euskara aiden! izeneko abestia eta bideoklipa sortu dute, Tobera Musika Eskolako Iker Gomez de Segura zuzendariaren koordinaziopean. Jon Iturriozek idatzi ditu hitzak, David Fernandez-ek musika ekoizpena egin du, Cristina Ariasek eta Maddi Gerrikok jarri dute ahotsa, eta Xabi Aguadok egin du bideoklipa, besteak beste. Hamarnaka segurarrek parte hartu dute abestiaren sorkuntzan.
Jon Iturriozek hitzen egileak esan duen bezala, «ezinbestean herritik sortutako abestia» da: «Herritarrek ilusio eta konpromiso handiarekin parte hartu dute eta emaitza bikaina izan da». Tartean euskararekiko konpromisoa eta naturaltasuna islatu nahi izan ditu letraren bidez: «Euskara konplexurik gabe bizi behar dugula, herritar denon parte hartzea ezinbestekoa dela eta era indartsu eta naturalean bizi behar dugula».
Egindako lanari aitortza
Udalerri Euskaldunen Egunean ohikoa izaten da euskararen aldeko lanean nabarmendu den elkarte edo herritarren baten lana aitortzea. Aurten antolatzaileek aho batez onartuta, Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri elkarteak jasoko du omenaldia, ekitaldi instituzionalean. Sortu zenetik, euskararen erabilera sustatzeko hainbat ekimen bideratu ditu elkarteak. Ibilbidea gogoratzeko, eskerrak emateko eta elkartekide izandakoei aitortza egiteko modua izango da omenaldia.
EGITARAUA
MAIATZAREN 14AN
10:00etan. Uemaren batzar nagusia, frontoian.
10:00etan. Hitanoari buruzko jardunaldia, kultur etxean.
12:00etan. Kalejira, Burrunbazale txarangarekin.
13:00etan. Ekitaldia, plazan.
14:30ean. Herri bazkaria plazan.
15:30ean. Puzgarriak.
16:30ean. Ion Martinezen bakarrizketa, plazan.
18:00etan. Ikuskizuna, frontoi zaharrean: Eidabe taldearen ‘Futbolariak eta printzesak’.
18:00etan. Toka eta bola txapelketa herrikoia, plazan.
19:00etan. Erromeria, Bada giro! taldearekin, plazan.