Pilota txapelketako finalak, gaur, 17:00etan
3. eta 4. postuak ere erabakiko dira. Ondoren, 19:00ak aldera, Ezkioko goiko auzoko jaiak hasiko dira, txupinazoarekin. Igandean, Izazpiko igoera izango da.
Ezkioko pilota txapelketako finalak eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partiduak jokatuko dituzte gaur, Ezkioko frontoian, 17:00etatik aurrera. Haurren pilota txapelketaz gain, seniorren pilota goxua txapelketako finalak jokatuko dira. Lur Telleria-Izar Etxezarreta bikoteak Maddi Cruz-Irati Arroyo bikotearen aurkako partidua jokatuko du, erakustaldi modura. San Migel jaiak ospatuko dituzte goiko auzoan gaurtik igandera arte. Partiduen ondoren, 19:00ak aldera, txupinazoa bota eta festak hasiko dira.
Hirugarren eta laugarren postuak:
- Prebenjaminak: Amenabar-Madina urretxuarrak Erostarbe-Ormaetxea zumarragarren aurka.
- Benjaminak: Ager-Aiert-Eñaut legazpiarrak Ur-Mattin legazpiarren aurka.
- Alebinak: Urko-Xabier-Suhar legazpiarrak Iker-Egoitz legazpiarren kontra.
Finalak:
- Prebenjaminak: Andueza-Murua urretxuarrak Reta-Ruiz zumarragarren aurka.
- Benjaminak: Cruz-Asurabarrena urretxuarrak Chefrad-Mendizabal urretxuarren kontra.
- Alebinak: Gabilondo-Mendizabal ezkiotarrak Abarrategi-Enrique-Garmendia urretxuarren aurka.
- Senior goxua: Intsausti-Elorza segurarrak Mujika-Esnaola tolosarren kontra.
Izazpiko igoera igandean
Kirolarekin ekingo diete festei ezkiotarrek, eta azken jai egunean ere, maiatzaren 8an, kirola izango da nagusi. Haurrentzako herri krosarekin hasiko dute igandea, 10:30ean. 11:30ean, berriz, Izazpiko 6. Igoera izango da, Ezkio Martxan Kirol Klubak antolatuta. 6,3 kilometroko ibilbidea osatuko dute parte hartzaileek. Bihar amaituko da izena emateko epea www.herrikrosa.eus webgunean. Errekorra hausten duenak 500 euroko saria jasoko du. Peio Garinek ezarri zuen markarik onena 1982an, 31 minutu eta 26 segundokoa.