Bad sound, Belen Natali eta Errege Sound System iragarri dituzte
Datorren ekainaren 11n ospatuko dute Legoreggae jaialdia, Legorreta, Harripila kiroldegian. Momentuz, egun horren inguruko informazioa osorik ez du eman jaialdiaren antolakuntza taldeak, tantaka-tantaka ari da sare sozialen bidez aurtengo ekitaldiak ekarriko dituen artisten zerrenda luzatzen.
Momentuz, jakinarazi dutenaren arabera, euskal reggae eszenako Bad Sound Legorretan izango da. Bigarren artista baten izena ere jakin ahal izan da; Belen Natali da, eta horrek reggae, dub, trip-hop eta jazz ditu zainetan. Eta azken orduetan, Errege Sound System ere aurtengo jaialdian izango dela konfirmatu dute.
Gauzak horrela, sare sozialei adi, hurrengo egunetan kartela osatuko duten gainontzeko artistak jakinaraziko dituztelako eta ziur, sorpresaren bat edo beste izango dela.
Bestalde esan, jaialdiak betiko formatua berreskuratuko duela aurten.
Sarrerak salgai
Jakin, aurresalmentako sarrerak salgai daudela 13 euroren truke Legorretako Olaso, Intsausti, Jubilatuen eta Ezkizu tabernetan, eta Ordizian Kirkil tabernan. Aurresalmentako sarrerak amaituta, 15 euro balioko dute eta Internet bidez erosi beharko dira (http://legoreggae2022.evenbrite.es/).













