Markako Zegama-Aizkorri
Gizonezkoen eta emakumezkoen denborak ondu dituzte, bost korrikalarik. Kilian Jornetek mitoa hazi du, 10. aldiz irabazita, eta Nienke Brinkmanek hasi. Jendetza eta giroa, gorenak
Badirudi bost urteko zikloetan mugitzen dela Zegama-Aizkorri. 2002an hasi, 2007an aro bat markatuko zuen Kilian Jorneten agerpena eta lehen garaipena, 2012an mundu mailako korrikalari izarren bilkura, 2017an errekor urtea gizonetan zein emakumeetan, eta 2022an, guztien batura. Markak ezarri ditu 21. Zegama-Aizkorri mendi maratoiak, aurreko bi urteetako gabeziaren ondoren.
Markak, denboretan. 42,195 kilometro luze eta 5.472 metro metatu dituen karrerak beheko zorurik ez duela dirudi. Kilian Jornetek eta Davide Magninik gizonezkoetan, eta Nienke Brinkmanek, Maude Mathysek eta Sara Alonsok emakumezkoetan birrindu dituzte duela bost urte Stian Angermund-Vik-ek (3:45:08) eta Maite Maiorak (4:34:27) utzitakoak. Aise ondu ere, Jornetek 8:28 minutu jaitsi baitu, eta Brinkmanek 17:44.
Marka, Jornetek Zegamarekiko duen atxikimendu bereziak inork inoiz gainditzea ia ezinezko bihurtu duen lorpenera eraman duelako: hamargarren aldiz irabazi du Zegaman. Hiru hamarkada desberdinetan ditu dagoeneko garaipenak: 2000koan bi (2007 eta 2008), 2010ekoan zazpi (bost 10etik 14ra jarraian, 2016koa eta orain hurrena 2019koa); eta hirugarren hamarkadakoa, igandean.
Markak, plusmarkez gain, oro har lasterkari guztiek puskatu dituzte. Lau orduren azpitik 18 korrikalari helmugaratu dira.
Baldintza egokienetan
Eguna ere hartarakoxea atera baitzen, herenegun. Zorua lehor, eguratsa hezetasun askorik gabe, goizean fresko (10 bat gradu) eta eguerdirako 23 batera igota. Korrikarako aproposa, 2017an bezainbeste. 500 atleta irten ziren —emakumezkoak 52— 09:00ak puntu-puntuan Zegamako plazatik, azken urtean hildako lau boluntariori dagokien omenaldia eta ohorezko aurreskua egin ondoren.
Egurrera etorria zen Jornet jarri zen berehala buruan, Magnini eta Elhousine Elazzaoui marokoarra lagun. Aizkorriko gailurrera batera iritsi ziren lehen biak, 2:05 orduan. Errekorraren partzialak puskatzen ari ziren ordurako, 5:40 minutu gutxiago.
Aketegitik Oltzera hasi zen Jornet erasoan, beheraka ere baduen teknika ikusgarria baliatuz. Urbian 43 segundo atera zion Magniniri, Andraizko pasabidean 1:05. Eta, handik behera, telebistaren bizikletak ere ozta-ozta segitu ahal izan zion.
Zegaman, ikusleen oihu eta txalo artean, 3:36:40an geratu zuen kronometroa. 2:51ra iritsi zen Magnini, pozik hura ere; 9:03ra Manuel Merillas, Elazzaoui azken partean aurreratuta.
«Ikusgarria izan da. Korrikarako baldintzak bikainak zeuden, eguzkitsu eta zorua lehor. Ondo entrenatuta iritsi naiz eta estrategia ezin hobeto aukeratu dugu. Zegaman irabazi ahal izan dugu, baina inor ez da aspertzen horrekin. Pandemiaren ondoren, berriro karrera egin ahal izatea da garrantzitsua, baita ere. Karrera itzuli da, eta ezin sinistuzkoa izan da», zioen Jornetek bukaeran, bere «etxe» duen Zegaman.
Brinkman, maratoilaria
Emakumeen sailkapenerako ere borroka ederra eskaini dute Nienke Brinkman herbeherearrak eta Maude Mathys suitzarrak. Hasieratik bukaerara menperatu du Brinkmanek, kontrol-gune guztietan lehenengo pasatuta. Santispiritun 1:59 orduan jarri zen, Aizkorrin 2:26an eta Andraitzen 3:22n. Munduko espezialista onena izan den Mathysi tronua kendua dio herbeherearrak; 9:20 minutuko aldea atera zion helmugan. Hirugarren, gertu, Sara Alonso donostiarra sartu zen, pozez zoratzen balentriarekin. Lehen aldiz ziren hirurak Aizkorrin.
Ezeren gainetik, maratoilaria da Brinkman, 28 urteko kirolaria. Belar hockeyko jokalaria izana da, Herbeheretako 2. Mailan. Zurichen bizi da, Geofisikako doktoretza egiten. Mendi karreretan 2019an hasi zen, Zermatteko maratoian 6. postuan estreinatzeko. Trail running edo mendiko lasterketetan gorantz ari da.
Asfaltoko maratoietan ere ez da amutsa. Bi dauzka oraindainokoan Brinkmanek: Valentzian 2021ean 2:26:34an amaitu zuen, eta Rotterdamen aurten 2:22:51n. Trail arloan, Zegamak ireki duen munduko zirkuiturako hautagaitza aurkeztu du.
«Lasterketa teknikoki oso gogorra izan da niretzat, eta uste baino azkarragoa. Une zailenak gune teknikoenetan igaro ditut, Aizkorri gailurrean eta azken aldeko jaitsieran, nekatuta bainindoan. Publikoa, hitz batean, harrigarria. Esperientzia bikaina izan da», zioen Brinkmanek.
Erreskate bat helikopteroz
Lehenbiziko goierritarrak Aritz Egea urretxuarra (25. postuan, 4:04:19) eta Igone Campos zumarragarra (29. emakumeetan, 5:29:22) izan dira.
Markak borobiltzeko, ikusleen emanak koska bat goratu du beti jendetsua izan den Zegama-Aizkorri. Zegamako Intxaustiko industrialdetik Segurako Madurako errotondaraino zeuden autoak aparkatuta, errepide osoan. Otsaurten ere jendetza sartu zen.
Gertakarien arloan, karreran parte hartzen ari zen korrikalari bat helikopteroz atera behar izan zuen Ertzaintzak, Aizkorriko tontorretik hurbil, 12:20an abisua jasota. Erori, eta belauna eta orkatila hautsi zituen; Zegamako Murgizelain zain zegoen anbulantziaraino airez jaitsi zuten.












