Goierriko talde lagunkoiek 10 urteen balorazio «oparoa» egin dute
Beasaingo, Idiazabalgo, Ordiziako, Zaldibiako eta Zegamako talde lagunkoiak Beasainen batzartu ziren herenegun, Euskadi Lagunkoia egitasmoaren hamar urteetako balantzea egiteko. Tolosaldeko talde eragileak ere bertan izan ziren. Urte «oparoak» izan direla ondorioztatu zuten eta adinekoen bizi kalitatea hobetzeko balio izan duela.
Zer hobetua ere badagoela jabetu ziren. Esaterako, adinekoei bideratutako laguntzak eta tresnak gehiago gizarteratu beharko liratekeela esan zuten.
Etorkizunera begira
Datozen urteetarako erronkak ere zehaztu zituzten. Harremanak sendotzeko topaguneak indartzearen beharra identifikatu zuten. Bereziki, adin ezberdinetako herritarren sareak sortzeko eta ekologia eta mugikortasun gaiak lantzeko.













