Beasaindarrek biktima babestu eta erasoa arbuiatu dute
Erauskin plazan jendetza elkartu da. Oriako Lamiak, Asmube, Goierriko Neska Gazteak, Beasaingo Udaleko ordezkariak, politikariak... izan dira tartean
Elkarretaratze jendetsua egin dute Erauskin plazan atzo Loinatz Jaietan jazotako sexu erasoa salatu eta biktimari babesa adierazteko. Beasaingo Asanblada Feministak deituta, bat egin dute Oriako Lamiek, Asmubek, Beasaingo Udalbatzan ordezkaritza duten hiru alderdiek, Goierriko Neska Gazteek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Emakundek, besteak beste. Herritar ugari hurbildu dira, halaber. Plaza alderik alde bete dute.
Goierriko Koordinadora Feministaren hausnarketarekin bat egin dute. Honen arabera, ez da kasu isolatua, «egunerokoan jasaten ditugunen adibide bat gehiago besterik ez da». «Jaietan droga zein alkoholak eraso hauek justifikatzen ditu gizartearen begietara baina badakigu honen atzetik estrukturala den gizarte egitura bat dagoela, erasoak sostengatuk eta birproduzitzen dituena».
Instituzioei, gizonei eta komunikabideei kargu hartu diete: administrazioari aurpegiratu diote babes neurriek «berriro» porrot egin dutela; gizonezkoei «erantzuleak» direla leporatu diete. «Zuen ardura da gu ez erasotzea eta gizonen espazioetan erantzukizunez jokatu eta jarrera matxistak moztea»; eta hedabideek auziari emandako trataera okerra izan dela esan diete, erasotua babestu baino honen intimitateari eraso egin diotelakoan.
Elkarretaratzean komunikabide ugari bildu da, atzerrikoak ere bai.













