Errugbiko txapeldunordeei harrera beroa egin diete
Errugbi Ligako txapeldunordeak izan dira. Kaleetan bildu diren zaletu eta herritarren babesa jaso dute.
Ampo Ordizia errugbi taldeari harrera egin diote gaur arratsaldean. Errugbiko Ohorezko Mailako Ligako txapeldunordeek, zaletuen eta herritarren babesa sentitu ahal izan dute. Olano ingurutik, oinez abiatu dira udaletxeraino. Bertan, Adur Ezenarro alkateak egin die ongi etorria eta lorpenagatik zoriondu ditu. Iñaki Galparsoro Ordizia Rugbiko lehendakariak esker ona agertu du Udalaren aldetik jasotako babesagatik. Jarraian, opari trukea egin dute eta familia argazkia atera dute.
Horren segidan, udaletxeko balkoira atera dira jokalari guztiak, plazan bildu diren zaletuak agurtzeko. Bitartean, Kawa Leaumaren irudia duen pankarta ipini dute.
Udaletxetik, Plaza Nagusira joan dira, eta bertan, omenaldi xume bat egin diete.












