Hamaika batukada talde eta 180 bat jotzaile elkartuko dira Lazkaon
Larunbat eguerdian hasita, Lazkaoko kaleetan joko dute batukada. Iluntzean, 'Lazkao' izeneko erritmo berria denek batera joko dute, "inoiz inon egin den joaldi handiena"
Lazkaon ekainaren 11n egingo den batukada taldeen topaketa aurkezten, gaur, Lazkaoko udaletxean. /Aimar Maiz Lazkaoko kaleak batukada erritmoz eta danbor hotsez beteko dira, larunbat honetan, ekainak 11. Batukada taldeen topaketa antolatu dute, eta Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako nahiz Espainiako 11 talde dira etortzekoak. Tartean, Goierriko bi: Lazkaon bertako Suthai eta Itsasondoko Batukaleroak. Horiekin batera, Donostia, Irun, Gasteiz edota Lekunberritik iritsitakoak, baita Kataluniako, Valentziako, Gaztelako eta Madrilgoak ere. Guztira, 160 edo 180 danbor jotzaile elkartuko direla aurreratu dute antolatzaileek, gaur arratsaldean, Lazkaon egin duten prentsaurrekoan.
Larunbat goizean taldeak elkartu, eta 12:00etan hasiko dira batukada jotzen. Plazatik abiatuta, Lazkaoko kaleetan eta auzuneetan banatuko dira taldeak. Kalejira bat egin ondoren, atzera plazan elkartuko dira. Herri bazkaria han egingo dute, Valentziako batukada taldekoek prestatutako paellarekin. Arratsaldean beste kalejira bat egingo dute.
Topaketaren une gorenetakoa 20:00etan izango da. Lazkaoko plazan talde guztiak batera ariko dira. Valentziako Punkadeira taldeko zuzendari Roberto Puigek egin duen Lazkao izeneko erritmoa joko dute, guztiek une berean. Antolatzaileek aurreratu dutenez, hainbeste danbor jotzaile batera “inon inoiz” ez dira aritu.
Eguna bukatzeko, 22:00etan Moonshine Wagon heavy-bluegrass talde gasteiztarrak kontzertua joko du.
Batukada topaketa antolatzeko, bertako partaideez gain, Lazkaoko Udalak eta Laulagun enpresak lagundu dute. Horietako ordezkariek parte hartu dute agerraldian, Amagoia Naldaiz Kultura zinegotzia eta Nahikari Maiz Laulaguneko ordezkaria tartean.

Lazkaon ekainaren 11n egingo den batukada taldeen topaketa aurkezten, gaur, Lazkaoko udaletxean. /Aimar Maiz












