Jokin Izagirre segurarrak eta Naiara Peñagarikano gabiriarrak irabazi dute Euskadiko bola txapelketa
Ereñotzun larunbatean jokatu zen lehiaketa, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 56 bolariren artean. Denboraldi bikaina borobildu dute bi goierritarrek.
Naiara Peñagarikano eta Jokin Izagirre, Euskadiko txapelekin, larunbatean Ereñotzun./Hitza Goierritarrak dira Euskadiko 2022ko bola txapelketako bi txapeldunak. Jokin Izagirre segurarrak eta Naiara Peñagarikano gabiriarrak lortu dute Euskal Herriko arloko titulu gorena. Hernaniko Ereñotzu auzoan jokatu zen txapelketa, larunbat goizean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 56 bolari sailkaturen artean.
Bolari bakoitzak seina tiraldiko bi erronda osatu zituen. Izagirrek urte osoan erakutsitako erregulartasuna izan zuen Ereñotzun ere, eta 36ko bi jokorekin, 72 puntu batuta txapeldun geratu da. Josu Lazkano izan zen bigarren (71) eta Xabier Lazkano hirugarren (63).
Gorabeheratsuagoa suertatu zen emakumeen jokoa. Bukaeran, Naiara Peñagarikanok 45 puntu batu zituen (26 lehen errondan, 19 bigarrenean), eta Euskadiko txapela janzteko balio izan zion. Maiatzean Gipuzkoako txapela ere lortu zuen. Bigarren Beatriz Unzue izan da (40) eta hirugarren Aitziber Makatzaga zeraindarra (32).

Naiara Peñagarikano eta Jokin Izagirre, Euskadiko txapelekin, larunbatean Ereñotzun./Hitza
Idiazabalen, Patxi Arrondo
Atzo, berriz, Idiazabalen San Blas jaien izeneko bola lehiaketa jokatu zen. 30 bolarik parte hartu zuten, eta bederatzik lortu zuten 36ko jokoa. Zazpi sari zeudenez, kitarako luzea jokatu zuten.
Patxi Arrondo zeraindarrak irabazi du Idiazabalgo lehiaketa, bigarren Jesus Morales eta hirugarren Txema Fernandez. Goierriko hurrengo bolatea Seguran jokatuko da, San Joan jaietako lehiaketa, plazako bolatokian ekainaren 18an (17:00etatik 19:00etara).












