Txirrindulari ugari bildu ditu Seguran 64.San Joan Probak
64. San Joan Proba jokatu dute Seguran eliteko eta 23 urtez azpiko txirrindulariek, 131km-ko ibilbidea osatuz.
San Joan Probako garaileak sari banaketako ekitaldian Goizeko 10:00etan eman diote hasiera 64. San Joan Probari, Zeraingo bidegurutzetik. Bertatik, txirrindulariak Zegamara joan dira eta ondoren, Ormaiztegirantz abiatu dira Idiazabal pasaz. Ormaiztegitik igoerari ekin diote Liernia aldera eta Mutiloara jetsi dira, Segurako biribilgunetik Zeraingo bidegurutzera itzultzeko berriro ere. Itzuli hau bost aldiz osatu dute txirrindulariek eta jarraian, Mutiloa, Zerain eta Segura artean ibili dira, ibilbide laburragoa osatuz. Eguerdiko 13:20 aldera iritsi da garailea Segurako plazara, helmugan sartuz.
Lasterketa hau Euskaldunen Txapelketarako baliagarria da eta eliteko eta 23 urtez azpiko txirrindulariak lehiatu dira. 64. San Joan Probako garailea Lizarte taldeko Diego Urtearte izan da, barañaindarra. Segurako alkatearen eskutik jaso du garaikurra Uriartek. Helmugako lerroa zeharkatzen bigarrena Mikel Mujika legazpiarra izan da eta denbora gutxiko tartearekin iritsi da hirugarren sailkatua ere, Mulu Hailmichoel, joan den astean Ataungo proban gailendu zen txirrindulari etiopiarra. Mendiko saria Adrian los Arcosentzat izan da. Herritarrek ere izan dute haien tokia sailkapenean. Helmugara lehenengo iritsi den segurarra Ampo taldeko Xabat Maiotz izan da. Taldekako garaipena Lizarte taldearentzat izan da gaurkoan.














