V. Irantzu Aizpuruaren Memoriala izan dute Loinatz futbol-zelaian
Irantzu Aizpurua izan dute gogoan Goierri Gorrik, Beasain K.E-k eta Real Sociedad C taldekoek bosgarren urtez.
Loinatz futbol-zelaia kolore gorriz eta txuri-urdinez jantzi dute Goierri Gorrik eta Real Sociedad C taldeak, Irantzu Aizpuruaren omenez. Memorialeko ekitaldia 11:30etan izan da eta Aizpuruaren gertukoak izan dira protagonista, zelaiaren erdian. Han izan dira aurrez elkarren aurka jokatu duten Goierri Gorri taldeko neskatoak ere, futbolaz gozatzeko prest harmailetan.
Behin ekitaldia amaituta eta txalo zaparrada handi baten ondoren hasi da Goierri Gorri eta Real Sociedad C taldekoen partida. Etxeko taldearentzat ez da partida erraza izan, lehen minutuan jaso baitute lehen gola eta honen atzetik beste zazpi etorri dira, kanpokoen markagailua 8 golera igoz. Partida 1-8 emaitzarekin amaitu da.














