UGLEko bi ikasleren ekintzailetza saritu du Tknika zentroak
Urola Garaiko Lanbide Eskolako Josu Usabiaga eta Olatz Magunazelaia ikasleek Tknika zentroak banatzen dituen Ekintzailetza sariak irabazi dituzte. Astelehenean, hilaren 20an, jaso zituzten sari horiek, Iurretan (Bizkaia) egindako ekitaldian.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako zentroa da Tknika, eta azken ikasturteetan Urratsbat eta Ikasenpresa sariak banatu ditu lanbide heziketako ikasleen eta eskolen ekintzailetza aitortzeko. Aurtengoa, sarien 16. edizioa izan da.
Usabiagaren Lubriusa
Ekintzailetza saria jaso duen ikasleetako bat Josu Usabiaga legazpiarra izan da. Usabiagak Mekatronika Industrialeko goi mailako zikloko ikasketak egin ditu UGLEn, eta Urratsbat ataleko enpresa onenaren saria irabazi du, 25 urte azpikoen sailean.
Saritutako proiektuak Lubriusa du izena, eta lubrikazioan aditua den enpresa bat da. Inguruko enpresen eskakizunetara egokitzen da, eta lubrikazioaren alorrean kalitatezko produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dizkie. Bere ezagutza enpresen esku jartzen du eta lubrikazio prozesuak hobetzen saiatzen da.
Usabiagak 2. 500 euroko saria jaso du.
Ortoprotesika ikaslea
Tknikaren saria jaso du, baita ere, Olatz Magunazelaia zornotzarrak, baina GipuzkoaEkin ataleko ekintzailetza teknologikoaren sailean. Magunazalaia Ortoprotesika eta Laguntza Produktuen goi mailako zikloko ikaslea izan da UGLEn, eta saritua izan dena Paralisi Brakialerako Ortesi Dinamikoa proiektua izan da. Gipuzkoako teknologia ekimeneko ideia onenaren saria jaso du, hain zuzen.
Magunazelaiak irabazi duen saria 1.000 eurokoa izan da.













