Alex Aranburuk hirugarren egin du Espainiako txapelketan
Mikel Mujika txirrindulari legazpiarrak ere brontzezko domina lortu du, Elite mailan. Ion Izagirre bosgarren izan da erlojupeko proban eta Aranburu seigarren
Txirrindulari goierritarrek lan ona egin dute asteburuan Mallorcan jokatu den Espainiako txapelketan. Profesional mailan, Alex Aranburu ezkiotarrak brontzezko domina lortu du errepideko proban eta seigarren izan da erlojupekoan. Ion Izagirre ormaiztegiarra bosgarren izan da erlojupekoan. Mikel Mujika txirrindulari legazpiarrak, berriz, brontzezko domina lortu du Elite mailan.
Aranburu faborito nagusia zen errepideko proban, baina hirugarren postuarekin konformatu behar izan du. Azkeneko igoerara aurreko taldean heldu zen, baina Carlos Rodriguezek erasoa jo zuen eta ezin izan zion jarraitu. Rodriguez andaluziarra bakarrik heldu zen helmugara. Atzetik, 51 segundora, Jesus Herrada eta Aranburu heldu ziren. Cofidis taldeko Herradak irabazi zuen esprinta.
Helmugan lasterketa gogorra izan zela esan zuen Aranburuk. «Lasterketa gogorra izan da, beroagatik eta hezetasunagatik. Azken itzulian Carlosek erasoa jo du eta ezinezkoa izan zait berari jarraitzea. Aldapa gora bera izan da indartsuena eta kito. Dena den, nahiko ondo sentitu naiz eta maila eman dudala uste dut».
Mujikak lasterketa berean parte hartu zuen eta 21. postuan amaitu zuen, Rodriguezengandik 5 minutu eta 13 segundora. Telco.m taldeko txirrindulari legazpiarra hirugarren onena izan zen Elite mailan, Iñigo Gonzalezen eta Victor Martinezen atzetik.
Taldez aldatu du denboraldi honetan eta emaitza onak lortzen ari da. Lasterketa askotan postu onak lortu ditu eta Euskaldun txapelketan bigarren gelditu da. Mallorcara gozatzera joan zen. «Urtean behin bakarrik dut profesionalekin aritzeko aukera eta gozatzera joan nintzen. Asko gozatu nuen, profesionalekin ibiltzeko gai izan bainintzen. Aste honetan, berriz, Irunen, Murgian eta Beasainen arituko naiz», aipatu du.
Erlojupeko probari dagokionez, Izagirre faborito nagusietako bat zen (iaz bera nagusitu zen), baina ezin izan zen bosgarren postutik pasa. Txirrindulari beteranoek gazteen aurrean amore eman behar izan zuten. Izan ere, podiumera hiru gazte igo ziren. Raul Garcia Pierna, Oier Lazkano eta Xabier Mikel Azparren sailkatu ziren lehen hiru postuetan.













