Irizar e-mobilityk 30 autobus ekoitziko ditu Valladoliderako
Irizar taldeko Irizar e-mobility enpresak zero emisioko 30 autobus ekoitziko ditu Valladoliderako (Espainia). AUVASA Autobuses Urbanos de Valladolid garraio publikoko operadorearekin akordio marko bat sinatu du Irizar e-mobilityk, Irizar ie tram modeloko autobusak eta karga-azpiegiturak barne hartzen dituena. Bi urtetan banatuko dituzte eskaerak. Aurten, urtearen amaieran entregatuko dituzte lehenengo hamaika unitateak.
Autobus barrualdea erosoa eta berritzailea dela esan dute, «irekitasun eta argitasun sentsazioa» emateko. «Ibilgailu mota hori dabilen lineetan txertatuko diren 18 metro luzeko zero emisioko lehen autobus artikulatuak dira». Barruan eta kanpoan sarbidea eta joan-etorri arina errazteko, lau ate izango dituzte. Atzerako ispiluak izan beharrean, kamerak izango dituzte.
Irizar e-mobilityk adierazi du Valladolidek «apustu handia» egin duela garraio publikoa aukera berritzaileago eta hiritarrekiko eta ingurumenarekiko begirunetsuago bihurtzeko. Adunan dagoen enpresan izan dira Oscar Puente Valladolideko alkatea, Luis Angel Velez Mugikortasun zinegotzia eta Alvaro Fernandez AUVASAko gerentea.












