'Elena Tuduri. Erramuaren sekretua' aldi baterako erakusketa ireki dute
Ormaiztegiko Zumalakarregik Gordailuarekin elkarlanean antolatu du, ondarearen kontserbazioa eta ikerketa etnografikoa uztartzen dituena. Abenduaren 30era arte egongo da ikusgai
Zumalakarregi Museoak aldi baterako erakusketa berria ireki du Gordailuarekin elkarlanean. Elena Tuduri. Erramuaren sekretua izeneko erakusketa da eta ikerketa etnografikoa eta ondarearen kontserbazioa ditu ardatz. Batetik, Elena Tuduriren ikerketa azaltzen du; duela 100 urte euskal jantziei buruzko lan bat egiten ari zela Albizturgo (Gipuzkoa) Goikoetxea baserrian hainbat soineko eta oihal aurkitu zituen eta bere tesian sartu zituen. Bestetik, Tuduriren argazkietan azaltzen diren XIX. mendeko soinekoak agertu dira Goikoetxean, eta horiek osatzen dute erakusketa. Ez-ohiko kontserbazio egoeran daude piezak eta hori izan da erakusketa antolatzeko arrazoi nagusia. Kutxa baten barruan erramu artean aurkitu dituzte, eta hain zuzen ere, erramuaren erabilerarengatik kontserbatu dira hain ondo.
Pieza desberdinak biltzen ditu erakusketak, material eta josteko modu askotarikoak eta kalitate handikoak. Garai bateko modak eta etxe horretako biztanleen erosteko ahalmen altua islatzen dute.
Urte amaiera arte
Abenduaren 30era arte egongo da ikusgai Tuduriren tesiaren bueltako erakusketa. Asteartetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bisitatu ahal izango da, eta igandetan 10:00etatik 14:00etara. Hurrengo urtean Gordailuan gordeko da bilduma.












