Bueltan da boxeo gaua
Estatuko boxeo hitzordu beteranoenetakoa ostiralean itzuliko da. Profesionaletan, Mediterraneoko brontzezko domina den Tetef eta afizionatu mailan Ander Brizio ordiziarra izango dira
Boxeo gaua bueltan da. Asteazkenean aurkeztu zuten Boxing Ciclo Club elkartean, Ordizian. Tradizio handiko kirol ekitaldia da; elkarteak, 1952ko uztailaren 24az geroztik du hitzordua, 70 urte jada, eta izen handiak igaro dira bertatik. Ez hori bakarrik, estatuko egutegiko beteranoetakoa bat da Ordiziakoa. Filipinak kalean kokatzen den elkarteko lehendakari Iñaki Tolosak azaldu zuenez, «gogotsu» daude osasun larrialdiaren ondorioz eten luzea egin ondoren, ring-aren inguruko hitzordurako.
Posible izango da, beste behin, «Eusko Box gimnasio gasteiztarrari, ekitaldia babestu eta lagundu duten enpresei, udalari, eta noski, zaleei esker». Ordiziako Udaleko kirol zinegotzia Jon Ander Caballerok hitzordura inguratzera animatu zituen zaletuak. Sarrerak salgai daude Amonane tabernan, eta egunean bertan, leihatilan.
Borrokaldien aurretik, 19:00etan hasita, Ordiziako boxeo taldeak, gaztetxoentzat saio bat egingo du.
Zortzi borrokaldi
Euskobox taldearen prestatzaile, manager eta sustatzaile Jose Luis Zelaia ere «pozik» agertu zen, «Ordiziako hitzordua berreskuratzeagatik». Itzulera, bihar, ostirala, 22:30etik aurrera izango da, Beti Alai pilotalekuan. Zortzi borrokaldi izango dira: amateur mailako sei, tartean emakumezkoen bat; eta bi, profesional mailakoak.
Afizionatu mailan, hiru minutuko hiru borrokaldi egingo dituzte. Lehenik (66 kilo) Angel Nuñez (Gasteiz gimnasioa) eta Hugo Gutierrez (Burgos). Ondoren (67 kilo), Cristofer Mozo (Bilbo Boxing) eta Steven Ruiz (Anoeta). Hirugarren (75 kilo), Ibai Porriño (Bilbo Boxing) eta Robell Batista (Anoeta). Laugarren, (71 kilo) Ander Brizio ordiziarra (Gasteiz gimnasioa) eta Kevin Edrosa (Logroño). Bosgarrenean, emakumezkoen kategorian (56 kilo) Dorleta Zubeldia (Gasteiz gimnasioa) eta Jessica Brunet (Bilbo Boxing). Eta seigarren (83 kilo) Rainiel Ortega (Anoeta), Souffiane Bouazzaquiren (Zaragoza) aurka.
Profesional mailan, Kato Mendoza (Gasteiz Gimnasioa) eta Alejandro Torresen (Tenerife) artekoa izango da lehena (51 kilo). Hiru minutuko lau borrokaldi egingo dituzte. Eta jarraian (58 kilo), Abdelatif Zhouari Tetef (Gasteiz gimnasioa), Luis Nino-ren aurka (Bolivia). Mediterraneoko txapelketan, Aljerian, brontzea irabazi berri du Tetef-ek, eta «gogotsu» agertu da.
Brizio ordiziarra ere «gogotsu» dago. Esan du, nahiago duela «ringean hitz egin». 2019an debutatu zuen Briziok, bere jaioterrian, festetako hitzordu honetan. Honakoa izango da ringera igotzen den bigarren aldia.













