Jendetza izan da itzuleran
Saskibaloi taldekoek, pelotazaleek eta mendizaleek eman diete hasiera Ordiziako Santa Ana jaiei. Asteazkenera arte, tradizioa eta berritasuna biltzen dituen egitaraua dute aurretik
Plaza Nagusia jendez gainezka zegoela, ilusio eta indar handiarekin hasi zituzten igandean Ordiziako Santa Ana festak. Ohiturak agintzen duen moduan, zapi urdina lepoan jantzita atera ziren udaletxeko balkoira festari hasiera ofiziala emateko ardura izan zuten pregoilariak.Txupinazo hirukoitza izan da aurten. Ordizia saskibaloi elkarteko, Jai Alai pelotazale elkarteko eta Ordiziako Mendizale elkarteko kideek suziri bana botata itzuli dira Santa Anak, bi urteko parentesiaren ondoren. Herritarrei hitz batzuk esan ondoren, 12:00etan puntuan, kanpaiak jo eta su ari zirela bota zuten lehen suziria. Hura lehertu eta Burrunbazale txarangaren doinuekin dantzan eta kantuan hasi ziren bertan zeuden guztiak.
Goizari jarraipena emateko, Burrunbazale Txaranga ordiziarrarekin eta Ordiziako Txistulariekin, buruhandiek eta erraldoien konpartsak kaleak bete zituzten, giro apartean.
Festen lehen egunean, askotariko ekitaldiak izan ziren. Buztuntza plazan,Bigantxa-futbol Txapelketa izan zen, Ordiziako Santa Ana Jaietako ikuskizun erakargarrienetako bat dena, batez ere haur eta gazteentzat. Aurtengoa, 16. edizioa izan da eta 18 taldek hartu dute parte, horien artean, emakumezkoen talde bat. Mokela eta Sukajubar taldeak izan ziren finalistak eta Mokela izan zen irabazlea.
Kirolak ere, leku garrantzitsua du Ordiziako jaietan. Beti Alai pilotalekuan jokatu ziren 28. gomazko txapelketaren finalak, Oiangu pilota elkarteak antolatuta. Zilarrezko mailan, Mujikak eta Insaustik eraman zuten garaikurra, Etxeberria eta Esnaolari 25-19 irabazita. Urrezko mailan, berriz, Altunak eta Zabalak jantzi zuten txapela, Oiarbide eta Goñi 25-13 mendean hartuta. Bestalde, atzo arratsaldean, Ordizia Hiria txapelketako finalak jokatu ziren, larruzko paletan eta pala motzean, -emaitzak, hurrengo egunetan-.
Iluntzean berriz, ohiko danborrada egin zuten, Santa Ana jaien barruan tradizio handiko beste ekitaldietako bat dena, 1913. urtean baitu sorrera. Buztuntza auzotik abiatuta, danborrak astinduz zeharkatu zituzten kaleak eta Plaza Nagusian egin zuten azken joaldia. Bertan, erretreta interpretatu zuten. Gurrutxaga maisuaren Ordiziako martxaren doinuekin eta Jesus Mari Garateren koreografiarekin batera amaitu zuten.
Asteburu betea
Hasiera ofiziala igande eguerdian izan zen, nolanahi ere, aurreko egunetan ekitaldi egitarau zabala izan zen. Hala nola, ostiralean, boxeo gaua izan zen, zeinak 70 urte bete dituen aurten. Beti Alai pilotalekua bete egin zen, aspaldiko hitzordu handiak gogoratuz. Gaueko protagonista nagusiena, Ander Brizio Aranburu boxeolari ordiziarra izan zen, zeinak 2018an Ordizian bertan bertan debutatu ostean, bigarren aldiz borrokatu duen bere jaioterrian. Borrokaldi bikain bat eginda, garaipena lortu zuen Kevin Edrosa errioxarraren aurka.
Larunbatean, Umore Horia egun osoko festa egin zuten Oiangun. Aurtengo edizioan 28 kuadrillak parte hartu dute, 310-bat gazte, 16 eta 25 urte bitartekoak. Goizean egin zituzte proba batzuk, eta bazkal ondoren jarraipena izan zuten. Zaku lasterketak, Furor, Pir-pon… era askotako probak gainditu behar zituzten kuadrillek.Izbi kuadrillak irabazi zuen.
Larunbatean ere, Akelarrea egin zuten, Osiñe Talde Feministaren eta Ordiziako Koordinadora Feministaren ekimenez. lehenengoz egin dute aurten.
Bihar azkeneko eguna
Gaur, Santa Ana eguna, herriko zaindariaren eguna ospatzeko, meza Nagusia izango da parrokian Santa Ana Abesbatzarekin eta ondoren, prozesioa egingo dute herrigunean. Nabarmentzekoen artean ere, agintarien soka-dantza, Plaza Nagusian, eta jarraian, Irun Hiria Musika Bandak kontzertua emango du Garikoitz Gonzalez Munduate maisuaren zuzendaritzapean. Arratsaldean, Beti Alai pilotalekuan profesionalen arteko eskuzko pilota partidak, Jai Alai Elkarteak antolatuta. Lehenengo, Dario eta Erostarbe, Egiguren eta Tolosaren aurka. Jarraian, Altuna III eta Martija, Irribarria eta Zabaletaren aurka
Eta bihar, festen azkeneko eguna, Santanazaleen eta kuadrillen eguna ospatuko dute. Eguerdian santanazaleen ohiko esku-dantza egingo dute Plaza nagusian, eta jarraian, kuadrillen irteera.













