Udalak jarritako zigorra amaituta, irailean hasiko da Lekanazpi kultur ekintzekin
Lekanazpi elkarteak jakinarazi du aurreko uztailaren 22an amaitu zela udalak iazko kontzertuaren harira ezarri zion zigorra, eta irailean berrekingo diola kultur jarduerari. Lau hilabetez kultur jarduerak antolatzeko eta sustatzeko debekua, eta 2.000 euroko isuna izan dira ondorioak, «zigor gogorrak» eta «mina eragiten dutenak». Horrez gain, kontzertu egunean lanean ari ziren bi udaltzainek ere zigorra jaso dute, «alkateak bi egunez soldatarik gabe utzi ditu. Ez da bidezkoa izan, eta tristura eragin digu».?
Lau hilabete «luze» izan direla aitortu dute Lekanazpikoek, eta zigorrak «programatuta genituen lau ekintzak zapuztea» eragin duela azaldu dute: apirileko olio dastaketa, maiatzean Eputsaldeko pagadira egitekoa zen txangoa, ekaineko postregintza ikastaroa, eta uztaileko txirringak konpontzeko tailerra. Ekintza horiek aurrerago egingo dituztela iragarri dute.
Irailean hasiko dira berriz ere Lekanazpiren kultur jarduerak. Artzain egunean parte hartuko du elkarteak, ardi okela prestatzen. Agorreko Santikutzetan ere parte hartuko du, «jai herrikoien eredua bultzatuz», eta Euskaraldian izena emango du, arigune desberdinak sortuz. Jarduera honek ez duela etenik izango agindu dute.












