Dantzaleku eta topagune
Arantzamendiko topaketa berreskuratu zuten Ataungo eta Idiazabalgo udalek eta abeltzainek, baina pandemiak etena ekarri du. Aurten, berriz elkartu dira.
Mendiak muga izan daitezke, baina baita topaleku ere. Hala gertatu izan da inguruko tontor askorekin. Dantzaleku, erromeria gune, eta azken batean topaleku baitira inguruko herrietako bizilagunentzat. Horren adibide da Arantzamendi. Ataun eta Idiazabal artean dago eremua, 783 metroko altueran. Alde bateko zein beste adinekoek gogoan dute erromeria leku ezaguna izan zena. Ohiturak aldatu ahala, festa hura ere galdu egin zen urteen poderioz.
Duela sei bat urte, ordea, bi herrietako abeltzainak eta udalak, festa hori biziberritzeko asmotan hasi ziren. Juntadizoa egin, musika eta jan-edanarekin gozatu, eta elkarrekin egun pasa eder bat egitea zen asmoa. Eta hala egin zuten hiru bat urtez, pandemia etorri zen arte. Beste bi urteko etena ekarri du gaitzak. Baina ohitura zaharra ez dute ahaztu, eta aurten, atzera ere, antolatu dute Arantzamendiko topaketa. Astelehenean egin zuten festa. Dantzaleku bezala ezagutzen den zelaian elkartu, eta hamaiketakoa eta erromeria egin zituzten. Gazte eta heldu, ataundar eta idiazabaldarren artean, ehun lagundik gora elkartu ziren.













