Legazpiko kultur agenda «bizirik» dago, udalaren datuen arabera
Legazpin urteko lehen sei hilabeteetan garatu den kultur agendaren parte hartze datuak kaleratu berri ditu udalak, eta honako balorazio hau egin du: «Datu horiek argi eta garbi adierazten dute Legazpiko kultur agenda bizirik mantentzen dela».
Sei hilabete horietan udalak berak antolatutako eta diruz lagundutako kultur jardueretara bertaratu diren pertsonen kopuruan oinarritu da balorazio hori egiteko: 6.770 lagun izan dira. Zenbaki horri, eskola eta ikastaroetakoak gehitu behar zaizkio, Arkatzaren marrazketa eta pintura eskoletako 80 ikasle, Irule elkartearen puntu eta joskintza ikastaroetako 19, eta Txirbilen egur lanketako beste 19, hain zuzen. «Herriko kultur erakundeen inplikaziorik gabe kultur jarduera hori guztia gauzatzea ezinezkoa» izango litzatekeela azpimarratu du udalak.
Pandemiaren gogorrena igarota, kultur jarduera ohiko guneetara itzuli da, hau da, Kultur Etxeko geletara, areto nagusira eta erakusketa aretora, liburutegira eta Latxartegi aretora, nagusiki. Kalean ere egin dira hainbat ekitaldi, batez ere Agirre-Etxeberri parkean, baita Urbeltz pilotalekuan eta parrokian ere.
Kuantifikatu ezinik geratu diren txistularien hileroko kalejirak, Legazpi Musika Bandaren kalejirak eta Kultur Etxeko erakusketak ere nabarmendu nahi izan ditu udalak.












