San Inazio eguna ospatu zuten igandean Urbian
Urbia izan zen igandean mendizale eta festazaleen topaleku, San Inazio egunean. Meza, artzain txakur lehiaketa eta erromeria izan zituzten eta Fondaren irekiera ospatzeko aukera izan zuten.
Urbian, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak antolatutako San Inazio eguneko festa berreskuratu dute aurten, pandemia urteen ondoren. Giro apartean pasa zuten eguna bertan izan zirenek, goizeko meza santutik hasi eta arratsaldeko erromeriko azken akordeetaraino. Goizean meza egin zuten eta segidan artzain txakur lehiaketa izan zuten. Ondoren, bazkaltzeko tartea hartu zuten, beti ere Ane eta Lorearen musika hotsa lagun. Bazkal aurretik zein ondoren giro bikaina jarri zuten trikitixa eta pandero hotsez josiz Urbia. Anek eta Loreak eman zieten amaiera egunari erromeriarekin.
Urbiako Fondarentzat ere berezia izan da aurtengo San Inazio Eguna, berriro ere ireki baititu ateak jabe aldaketaren ondoren. Berri pozgarria izan zen honen irekiera eta egun ezin hobea aukeratu zuten bertara gerturatu ohi diren guztiekin ospatzeko. Urbiako Fondako instagram kontuan (@urbiakofonda) topa daitezke egun hartako argazkiak, egunaren laburpen bideoan.