Mugitua dator asteburua Ataunen, musikaz eta ekintzaz betea
Asteburu mugitua izango dute ataundarrek, hainbat kontzertu, jolas zein kultur ekitaldirekin.
Abuztuko lehen asteburua potente dator mitologiaren herrian, Ataunen. Hainbat ekintza antolatu dituzte eta jende mugimendu itzela izango dute bai larunbatean, eta baita igandean ere; hori guztia, musikaren, dantzaren, mitologiaren eta jolasaren bueltan.
Kontzertuak Oargin – Larunbata 22:00etan
Larunbatean, Torto Gazte Asanbladak antolatutako kontzertuak izango dira Oargin, gaueko 22:00etan hasita. Tatxers, Lukiek eta Zikin taldeak izango dituzte Oargiko oholtza astintzeko prest.
Jentilen lurraldean iparraren bila – Igandea 11:30etan
Mitologia Orientazio Jolasa izango dute San Gregorio auzoan. Mitologiak berebiziko garrantzia du Ataunen, baita kondaira hauen leku diren baso, erreka eta naturako zenbait elementuk. Hau hala izanik, euskal mitologia eta orientazioa lantzeko aukera izango dute bertaratzen diren familiek, “Jentilen lurraldean iparraren bila” izandatutako ekintzan. Goizeko 11:30etan hasiko da. Barandiaran Museoan, eta beharrezkoa izango da aurrez erreserba egina izatea parte hartu ahal izateko. 4€ko prezioa du eta orientazio jolasaz gain antigoaleko errota eta zerrategia ikusteko aukera ere izango dute, prezio horren barruan. Izen ematea 943 180 335 / 688 895 069 telefonoetara deituz, barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatziz edo www.gipuzkoanatura.eus webgunean egin daiteke.
Ataungo Organo Barrokoaren Nazioarteko XIV. jaialdia – Igandea 12:00etan
Igandean, aldiz, musika lasaiagoetara joko dute ataundarrek, aurreko eguneko musika bizia kontrastatuz. Ataungo Organo Barrokoaren nazioarteko XIV. jaialdia egingo dute goizeko 12:00etan. Donostiako Musika Hamostaldiak Ataungo Udalarekin elkarlanean antolatutako kontzertua izango da. 2006.urteaz geroztik egiten den jaialdia da hau eta urtean bi data desberdinetan egiten da. Aurtengo lehenengoa uztailaren 24an egin zen arratsaldeko 18:00etan eta bertain, maila handiko organo-joleak izaten dira. Uztaileko emanaldian Eneko Dorronsoro, Gerardo Rifón eta Lucía Gómez izan ziren, Ataungo EATE abesbatzarekin batera. Beti izaten dituzte eskarmentu handiko organo-joleak, baita artista desberdinak ere. Oraingoan, igande honetan, Brett Leighton organo-jolea izango dute San Martin elizan.