22 zenbakia bizkarrean eta lehen talderako jauzia
Beñat Turrientes Imaz beasaindarrak Real Sociedadeko lehen talderako jauzia emango du datorren denboraldian, 22 zenbakia bizkarrean.
Atzo, abuztuaren 7an iritsi zen albistea, Real Sociedad klubak sare sozialetan argitaratutako bideoaren bitartez. Beñat Turrientes Imaz (Beasain, 2002) futbolari beasaindarrak Realeko lehen taldean bere lekua egin du eta hurrengo denboraldirako, 22 zenbakia bizkarrean, lehen taldeko jokalaria izango da. Klubak argitaratutako bideoan dioen moduan «11 urterekin iritsi zen Zubietara eta bertan zeuden guztien ametsa zen lehen taldera iristea» baina berak egia bihurtu ahal izan du amets hori. Hala ere, orain «bertan mantentzeko lan egin eta 100%a ematea entrenamendu zein partida guztietan» geratzen zaiola adierazi du eta lanerako gogoz, ilusioz eta aurrera egiteko anbizioz azaldu da erdilari beasaindarra.
Esan bezala, oso gaztetatik izan da Realeko harrobiaren parte eta ibilbide oparoa eta jarraitua izan du bertan. Euskal Herriko Selekzioarekin zein Espainiakoarekin jokatu ditu hainbat partida eta txapelketa, eta egun, hainbat zaletuk Realaren «orain eta etorkizuntzat» dute. Sanseko jokalaria izanik ere ibili izan da aurrez lehen taldean, baina oraingoan eman du jauzi nagusia, lehen taldean fitxa eskuratuz. 22 zenbakia eramango du bizkarrean datorren denboraldian eta Turrientesek adierazi duenaren arabera, «berezia da beretzat zenbaki hori eramatea» ; izan ere, Barrenetxeak utzitako zenbakia da eta harrobiko jokalari askok «erreferentetzat» duten futbolaria da hau, oso gazte hasi baitzen lehen taldean.