Zumalakarregi Museoak badu abuzturako ere eskaintza
Zumalakarregi Museoan bisita gidatuak egingo dituzte abuztuan zehar, astearte eta ostegunetan, 11:00etan euskaraz eta 12:30etan gazteleraz.
Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak udako eskaintza bikaina osatu du, hainbat bisita gidaturekin. Uztailaren 21ean ireki zuten aldi baterako erakusketa bertan dute oraindik, abendura bitartean, eta udan, hau ikusteko aukera bikaina izango dute Ormaiztegira gerturatzen direnek. Erakusketa hau “Elena Tuduri. Erramuaren sekretua: Euskal jantzien ikerketan aitzindaria eta Goikoetxea bilduma” izendatu dute, eta, bertan, bi gai nagusi jorratzen dira. Batetik, ikerketa etnografikoa, hau da, Elena Tudurik duela ehun urte euskal jantziei buruzko lana egiten ari zela egindako ikerketa; eta bestetik, XIX.mendeko soinekoen argazkiak. “Erramu artean kontserbatutako jantzi bilduma honek osatzen du erakusketa” Zumalakarregi Museoaren arabera.
Horrez gain, erakusketa finkoa ere bertan izango dute, ikusgai. XIX.mendera gerturatzearen pareko sentsazioa dela diote eta ateak zabalik izango dituzte erakusketa hau ikustera gerturatzen direnek. MusealiaK proiektuaren barnean John Frederick Lewis artistaren koadroa ere ikus daiteke Zumalakarregi Museoan.
Abuztuko eskaintza berria
Abuztuko astearte eta ostegunetan, museotik bertatik irten eta bisita gidatuak egiten ari dira Paris-Madril linea lotzen dituen trenzubian. Goizeko 11:00etan hasten da lehen bisita, euskarazko bisita elebakarra; eta ondoren, 12:30etan gaztelaniazko bisitari ematen diote hasiera.
Zubi hau Ormaiztegiren nortasunaren bihotza da eta duela 158 urte eraiki zuten eta historian zehar zeresan handia eman du. 1936an, adibidez, gerra garaian Bergarako Labe Garaietako Union Cerrajerako sopletista talde batek zubia mozteko ekintza ekin zuen eta zubi zati bat bota zuten tropa frankistei Ormaiztegira sartzeko bidea oztopatzeko asmoz. Historia zein beste hainbat bitxikeriaren inguruan hitz egiten dute bisita gidatu honetan.