Beasainmendi festaz janzteko prest
Beasainmendiko festak bueltan dira iraileko lehen asteburuan, bi urteko etenaren ondoren eta egitarau bikainarekin datoz.
2019ko Beasainmendiko Jaiak. 2019ko irailaren 1ean. Beasainmendiko Jaiek badute 2022ko edizioko data. Irailaren 3an eta 4an izango dira eta egitarau bikaina prestatu dute beasainmenditarrek. Bi urteko etenaren ondoren indartsu datoz berriro. Herri kirolak, musika eskaintza, omenaldiak, lagun edota familia artean bazkaltzeko aukera eta abar izango dira Agortan.
Urtero legez herri krosa bueltan da aurten. Izena emateko aukera www.herrikrossa.com webgunean edo egunean bertan goizeko 10etatik aurrera irteera puntuan, hau da, Artzaieneko plazan, izango dute aukera parte-hartzaileek. 4,7km-ko ibilbidea izango da. 15€ko kostua izango du internet bidez emanez gero izena eta egunean bertan, berriz, 17€. Goizeko 11:30etan abiatuko dira korrikalariak Agortarantz . Gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriatan sailkatuko dira parte-hartzaileak sariak banatzerako orduan. Bi kategoriatan lehenengoek 120€ eta txapela irabaziko dituzte, bigarrenek 70€ eta hirugarrnek 50€. Horrez gain, errekorra hautsiz gero batenbatek 80€ko saria eramango du etxera eta herriko lehenengo gizonezkoak eta emakumezkoak sari berezia izango dute. Gaur gaurkoz, probaren errekorra emakumezkoetan Majida Maayoufek (2018) du, 25 minutu eta 9 segundorekin; eta gizonezkoetan Oier Ariznabarretak (2014) 20 minutu eta 44 segundoko denborarekin.
Horrez gain, haurrentzako eskaintza ere izango da, beraz, familia osoarentzako plan bikaina da Beasainmendiko Jaietara gerturatzea. Irailaren 4ko bazkarirako txartelak ohiko lekuetan egongo dira, hau da, Arrano Tabernan (943 805 537), Azurmendi Harategian (943 161 674) eta Montoya Harategian (porteria) (943 885 501).
Egitaraua
Irailak 3
- 21:00 Herri afaria
- Ondoren: Auzoko Mus Txapelketa
Irailak 4
- 8:00 Suziriak
- 10:45 Herri meza trikitilari eta bertsolariekin
- 11:30 Kros herrikoia
- 11:45 Aizkorri Mendizale Elkartekoei ongi etorria
- 12:00 Laja eta Narbaiza trikitilariak
- Ondoren: Bertsolariak. Mikel Mendizabal eta Iker Zubeldia
- 13:00 Iñaki Zubeldia eta Juani Urretabizkaiari omenaldia
- 13:30 Bazkari Herrikoia
- 17:00 Haur jolasak
- 18:30 Erromeria Laja eta Narbaizarekin













