Ogiaren Txokoan bisita gidatua
Brinkolako Igaralde Baserrian bisita gidatua izan dute bisitariek eta ogia egiteko aukera ere izan dute.
Legazpiko Brinkola auzoan dagoen Igaralde Baserria Ogiaren Txokoa izenez ere ezaguna da eta bertan, ogiaren inguruko zenbait kontu argitu dituzte bisitariek. 10 pertsona inguru elkartu dira bertan guztira eta bisita hasi aurretik ogia egiteko beharrezko orea egin dute, honi forma emanez. Ondoren, labean sartu dituzte haien sorkuntzak eta bisita hasi dute ogia egin bitartean.
Bisita hasteko, gela batean sartu eta zenbait azalpen eman dizkiete. Azalpen hauen artean, ogia egiteko lehengaien nondik norakoak eta antzinako nekazal kulturarenak aipatu dituzte besteak beste, eta zenbait lanabes ikusi ahal izan dituzte. Argazkiek lagundu dute gidariaren azalpena, eta hormetan zeuden paneletan ere pausoz pauso zeuden azalpenak, garia jasotzetik hasi eta ogia mahaira iristen den arte.
Prozesu horretan bereziki garrantzitsua da errotak duen papera, eta hau kontuan izanda, errota ikustera joan dira bisitariak, baserriaren albora. Bertan, errotaren funtzionamendua eta honen atalak azaldu dizkiete, eta martxan jarri dute errota, irina lortuz.
Azkenik, bisita amaitzeko, labetik atera dituzte haien ogi opilak eta dastatu egin dituzte, egin berriak.